'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' dinamika martxan jarri du AEK-k
Helduen euskalduntze mugimenduaren garrantzia gizarteratzea du helburu dinamikak. Hilaren 28an, Euskal Herriko 80 herritan egingo dituzte ekitaldiak, besteak beste, Ordizian.
Aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia gizarteratzeko helburuarekin, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko du martxan AEK-k. COVID-19ak eragin duen osasun krisia dela eta, aurten ez da Korrika-rik izango, eta horrek eragindako galera ekonomikoak estaltzeko asmoz, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu du euskaltegien sareak dinamika horren baitan. Horrez gain, bestelako ekimenak ere biltzen ditu dinamikak, eta Goierrin ere egingo dira hainbat, Ordizian kasu. Igandean, hilak 28, ekitaldi xume bat antolatu dute. Martxoaren 28an Korrikak egun horretan bukatu behar zuen, normalki.
AEK-k gogorarazi duenez, «Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amesten badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako». Horregatik, euskaltegi sendoen beharra azpimarratu du AEK-k, bide horretatik 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari direla argudiatuz, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere bai.
Euskalduntze prozesu horrek kostu bat du AEK-rentzat eta aurten Korrika ez denez antolatuko, bestelako diru-iturriak beharrezkotzat ditu. Eta hortik abiatu da, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina.
Hiru ardatz
Hiru ardatz izango ditu dinamika berri honek: hiru administrazioei bidalitako gutuna; Bultza euskaltegiak! ekitaldiak; eta Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! egizu ekarpena kanpaina, nahi duen orok ekarpen ekonomikoak egin ditzan.
Lehena, Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bat helaraztean datza, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasoko dituena, eta helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazko.
Bigarrenik, martxoaren 28rako Euskal Herriko hainbat gunetan ekitaldi xumeak antolatu dituzte, «euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin». Momentuz, 80 toki ezberdinetan batuko dira eta ekitaldiak egingo dira, toki guztietan ordu berean, 12:00etan.
Azkenik, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpaina ere abian dago, martxoaren amaierara arte. Korrika atzeratu behar izateak, nolabaiteko «zuloa» sortzen du aurrekontuan, erakundeak berak onartu duenez. Korrika bera, euskara sustatzeko ekinbide izateaz gain, AEKrentzako finantzabide ere bada, eta aurten herritarren sostengua behar dutela adierazi dute AEKako kideek.
Ordiziako ekitaldia
Goierrin, Ordizian egingo dute bat egitasmoarekin eta igandean, Barrena parkean. Euria egitekotan, Plazan. 12:00etan puntuan adierazpenaren irakurketa egingo dute. Jarraian, Euskal herrian euskaraz kantua abestuko dute. Eta amaitzeko, ekitadira gerturatu diren guztien taldeko argazkia aterako dute. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako sartu Goiztiri AEK euskaltegiaren webgunean eta bete eskaera.