Hiru ibilbidetako orientazio zirkuitu iraunkorra abiatuko dute igandean
Inaugurazio proba 12:00etatik 14:00etara egingo dute federatuek. Gipuzkoako Orientazio Taldeak diseinatu du, Segurako Udalaren eta Goiturren laguntzarekin
Igandean Seguran egiteko beste ekintza bat jarriko dute martxan. Gipuzkoako Orientazio Taldeak Segurako orientazio zirkuitu iraunkorra diseinatu du, Goiturrekin eta Segurako Udalarekin elkarlanean, eta igandean inaugurazio proba egingo dute mendi eta orientazio federatuek, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Behin inauguratuta, herritar denek izango dute egiteko aukera. Kirola, aisia eta turismoa uztartzen dituen produktu gisa proposatu dute.
Ekhi Albizu Segurako zinegotziak adierazi du «gogo onez» hartu zuela udalak zirkuitu iraunkorra sortzeko proposamena: «Familian kirola egiteko aukera ematen du eta Segurara hurbiltzen diren turista guztiei ere beste aukera bat ematen die». Hiru ibilbide izango dira aukeran, denbora eta zailtasun maila ezberdinekin: horia, laranja eta gorria. Horiak kilometro bat izango du, eta 10 plaka bilatu beharko dituzte parte hartzaileek; laranjak 2,5 kilometro eta 13 plaka; eta gorriak 3,3 kilometro eta 16 plaka.
Hirurak Segurako kasko historikoaren inguruan egiteko dira, eta Ibon Goikoetxea Gipuzkoako Orientazio Taldeko kideak azaldu duenez, «altxorraren bila jolasaren antzerako dinamika» da: «Turismo bulegoan edo udaletxean mapa eskuratu, eta mapan kokatu ditugun borobiltxoak eta bertan egongo diren plakak bilatu behar dituzte parte hartu nahi dutenek».
Eskaintza zabaltzeko
Produktu turistiko bezala, merkatu nitxo ezberdinetara zuzentzeko baliagarria izango da orientazio zirkuitua Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak adierazi duenez: «Familia turismoa, baita lagunartean egin daitekeena, eta nazioarteko turismoa». Goierrin ematen den eskaintza turistikoa zabalduko dute ekimenaren bidez, «dibertsifikaziorako beste produktu bat» izango baita. Osinaldek goierritarrei dei egin die datozen jaiegunetan ere bertakoa kontsumitzeko: «Betiko deialdia, inoiz baino gehiago bertako lekuak ezagutzeko, produktu turistikoak kontsumitzeko, hau aukera berri bat da etxean daukagunaz gozatzeko».
Izen ematea zabalik
Igandetik aurrera, beraz, edozeinek izango du aukera ibilbidea osatzeko mapa eskuratuz gero. Igandean, baina, zirkuitua estreinatzeko irteera ibilbidea egingo dute mendi eta orientazio federatuek. Izen ematea irekita egongo da ostegun iluntzera arte, 22:00 arte. Mendi edo orientazioan federatuak dauden eta parte hartu nahi dutenek, Gipuzkoako Orientazio Taldearen weborriko inskripzioetan eman behar dute izena.