Kilometroak 2021 jaia, Goierrin
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolek antolatuko dute aurten Gipuzkoako festa, «era xumean». Urriaren 3an izango da jai sinbolikoa. Leloa eta irudia baditu
Sehaskara itzuliko da Kilometroak ekimena. Gipuzkoako ikastolen aldeko estreinako festa 1977an Beasainen eta Lazkaon ospatu zen, eta Alkartasuna Lizeo berria izan zen emaitza material bat. 2021ean, pandemia betean, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian ospatuko da, eta elkaratsun lezioa zabaldu nahi du.
Kilometroak 2021ean Goierrin egingo dela atzo jakinarazi zuten, Donostian, Kilometroak Kultur Elkarteak eta Andramendi (Beasain), San Benito (Lazkao) eta Jakintza (Ordizia) ikastoletako ordezkariek. Urriaren 3an izango da festa, baina «era xumean» egina, osasun krisiak baldintzatua eta egoerara egokitua.
Xumetasunean jarri zuten indarra denek, «ospakizun erraldoietarako» garaia ez dela jakitun. Baina beste urtebete galtzen utzi gabe, «euskarari eta euskal kulturari plaza bat» eman nahi diote ekimenarekin. «Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman, eta denok batera norabide berean eustekoa», azaldu du KMK elkarteko Nekane Artolak, Ikastolen Etxeko prentsaurrekoan.
Beste helburu batzuk
Festa handirik ez da izango, ez jende pilaketarik. Diru etekinak eta obra-finantzazioak albo batera utziko dituzte. Haatik, beste funtzio batzuk esleitu dizkiote Kilometroak 2021i: «Aurtengoa, noski, desberdina izango da. Euskarari eta euskal kulturari tokia emango diegu, jakina, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte-hartzeari ere. Gure arteko sarea indartu, elkarlana bultzatu, eta ikastolen ezaugarriak plazaratzeko ekimenak gauzatuko ditugu; herritik, herriarekin eta herriarentzat».
Leloa eta logotipoa baditu dagoeneko. Batera, bagara, bat gara da goiburua. 1 zenbakian oinarritutakoa, irudia. «Herri bat garela, euskara garela, komunitate bat garela, Euskal Herri osorako hezkuntza-proiektu bat garela erakutsi nahi dugu aurten».
Antolakuntzatik hasita. Goierri beheko hiru ikastolek lehen aldiz heldu diote erronkari batera Goierri garaiko hirurek 1985ean egin zuten. «Dugun egoeraren ondorioz, Kilometroak non eta nola antolatu erabakitzea ez da erraza izan. Baina gure jaiak ez du etenik, eta Andramendik, Jakintzak eta San Benitok erakutsi duten prestasunari esker, Goierrin egingo da».
Egitaraurik ez oraingoz
Urriaren 3a, ohi bezala urriko lehen igandea, kokatu dute Kilometroak 2021en datatzat. Baina egitaraurik ez dute oraindik aurkeztu. Egun horren aurretik, asteburu edo aste beteko ekitaldi sorta izan litekeela aurreratu dute. «Tentuz gabiltza antolaketarekin. Une honetan Goierriko hiru herri hauek gorrian gaude, beraz, ausartegi izatea litzateke gauzak aurreratzea», esan du San Benitoko zuzendari Josune Aranburuk.
Festa «xumea», «era sinbolikoan», osasun egoera errespetatuta, eta «ditugun baliabideekin» egingo da. «Aurten, helburua Kilometroei jarraipena ematea da, eta hiru ikastolen arteko sarea indartzeko, proiektu komunak sortzeko eta hazia ereiteko».
Pandemiagatik, hain justu, Euskal Herrikoa bezalako kultura zein hizkuntza gutxituetan sortu duen galera bikoitzaz ohartarazi du Kilometroak Kultur Elkarteak, «sentsibilitate berezia sorrarazten diguna»: «Gure kulturak eta hizkuntzak herriko plazak behar dituela konbentziturik gaude, eta aurtengo Kilometroek euskararen eta euskal kulturaren alde inbertsioa egiteko asmoa dute», dio Altunak.
Hala, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian urriaren 3an eta haren bueltan, «herriari plaza» eskainiko diote ikastolek. «Betidanik herriak eman digu guri babesa. Orain, ikusten dugu herrietan nola dauden horiek, eta guk eskaini nahi diegu plaza bat, elkarrekin egoteko. Egoera ez dago festetarako, baina ilusio hori eta Covidaz aparte beste zerbait badagoela ere adierazi nahi dugu», bukatu du Aranburuk.
«Xume forman, hasierakoa bezain ameslari funtsean»
Kilometroak 2021en antolatzaileen izenean, Andramendiko Itziar Floresek irakurri zuen atzo idatzi bateratua. Aitziber Albisu eta Beñat Pecharroman (Jakintza), eta Josune Aranburu (San Benito) ere han ziren:
«Goierriko hiru ikastolen izenean, poza eta harrotasuna adierazi nahi dugu. Aurreneko Kilometro haietan bezala, Goierrin ospatuko da jaia, Beasain,Lazkao eta Ordiziako ikastolen eskutik. Ikastolentzat egun handia izan da urteetan zehar Kilometroak jaia, ikastolen nortasunari helduz, bere behar eta ilusioei etorkizunerako be-har den apurra martxan jartzeko bide eman diolako.
»Aurtengoak erakusten du nola ari den aldatzen gizartea. Kilometro guztiak ezberdinak dira, eta urtez urte berritzen doaz. Aurtengo Kilometroetan helburu handiena Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzea da, orain arte bezala herriari begirako proiektu bat sustatzea, eta bertan gure ikasleak, langileak eta familiak dagoeneko iritsi den aro berri honi erantzun partekatu bat eta indarrez betea ematea. Mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldian antolatu zirenean bezala.
»Izan genezake tentazioa pentsatzeko ez gaudela jaietarako; edo alderantziz, dena eman behar dugula egoerarekin kokoteraino gaudelako. Baina egoerak baldintzatuko digu zer egin. Aurtengo Kilometroak xumea izango da. Xumea forman, hasierako hura bezain ameslari eta anbiziosoa, ordea, funtsean eta helburuan.
»Lazkao Txikik erakutsi zigun txikitasunetik ere handi izan daitekeela. Metroz metro egingo dugu bidea, Kilometroak osatzeko. Beasainen, 1977an lehenengo Kilometroak, eta 2001ean ‘Garena garela’, 1993an Ordizian ‘Gure maratoia’, eta 2003an Lazkaon ‘Euskaraz bizinahi dut’ lelopean ospatu ziren. Eta berriro ere lekukoa iritsi zaigu, baina urte berezi honetan, maratoian aurrera egingo dugu Goierriko hiru ikastolek batera. Bagarela eta bat garela,elkartasun osoz.
»Beraz, modu xumean, gure esku dagoena egingo dugu,egoerak uzten diguna kontuan hartuta, eta ditugun baliabideei eutsiz. Ibiliko ditugu berriz ordu hartan zapaldutako bideak, eta amestuko dugu hau guztia pasata, gure lehengo bizimodua iristen den egunarekin. Eta bidean zerbait ona izan bada, hori ere ikasita, noski.
»Gure umeei erakutsiko diegu pandemia bat izan dela ia dena hankaz gora jarri zuena. Baina euskaraz erakutsiko diegu. Ikastolen sorreran beste batzuek amestu zuten hura,seme-alaben etorkizuna euskaraz izango zela. Hura zaila izan zen, orain pandemia eta musuko gabeko bizimodu bat irudikatzea zaila egiten den bezala. Baina orduan egin zuten, eta orain egingo dugu: Batera, bagara, bat garelako».