Aralarko abeltzainek harremanak eten dituzte mankomunitatearekin, jarrera aldatu arte
Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta Enbak diote mankomunitateak "20 urte atzera" egin duela kudeaketan, eta EH Bilduren jarrera salatu dute, "baserritarrei bizkar" eman eta "ekologistekin lerrokatuta" aritzeagatik.
Aralarko abeltzainak ez daude gustura Enirio-Aralar Mankomunitateak haiekiko erakutsi duen jarrera eta kudeaketarekin, eta hala jakinarazi dute gaur, Larraitzen egindako agerraldian. Haien ustez, “mendiaren kudeaketa baserritarren parte-hartzearekin egin behar da eta ez, EH Bildu egiten ari den bezala, baserritarrei bizkarra” emanda.
Aralarko Baserritarren Elkarteak eta Enba eta EHNE sindikatuek egin dute deialdia, eta dozenaka abeltzain elkartu dira bertan. Abeltzainek Aralarko mendia eta larreak zaintzen egiten duten lana azpimarratu dute: “Aralarko mendia bizitzen dugun baserritarrok mendia zaintzen dugu gure aziendaren bitartez baina ezin uka ere, mendiak gure azienda zaintzen duela, beharrezko dugun elikadura, sanidadea eta arnasa emanaz”. Eta bien arteko elkarlanaren onurak “gizarte osoak” jasotzen dituela uste dute. Gainera, konpromiso horri irmoki eusten diotela argitu nahi izan dute.
Mendia zaintzeko eta kudeatzeko, ordea, “baldintza duinak “behar dituztela diote, “bai larretokietan bai txabola eta bordetan”. Zentzu horretan, “hobetu eta bultzatu beharreko azpiegiturak” ezinbestekoak dira, eta horren adibide dira “txaboletara heltzeko bideak”.
Mankomunitatearekin harremanak etenda
Enirio-Aralar Mankomunitatearen kudeaketa ere izan dute hizpide, ez baitaude konforme azken aldian hartutako norabidearekin. “Mankomunitateak mendia kudeatzen 20 urte atzera egin du, baserritarrei bizkarra emanez erabakiak hartuz”. Mankomunitateari ez ezik, EH Bilduri ere zuzendu diote kritika, “baserritarroi bizkarra emanda eta elkarte ekologistekin lerrokatuta” dagoela uste baitute.
Azken urteotan “Enirio-Aralar Mankomunitateko arduradun eta abeltzainon arteko interlokuzioa asko zaildu” dela diote. “Interlokuzio leiala eta errespetuzkoa aldarrikatzen dugu eta honenbestez, mendia zaindu eta kudeatzen dugunontzat interlokuzio zuzena, gardena eta erabakiorra eskatzen dugu”.
Hori guztia ikusita, “sakoneko aldaketa eman arte”, mankomunitatearekiko harremanak eten dituztela jakinarazi dute gaur. Enirio-Aralarren dabiltzan 134 abeltzainetatik 109k sinatu dute agiria. Era berean, EH Bilduri eta berak gidatzen dituen udal guztiei egin diete deia, “Aralarrekiko daraman estrategia berpentsa dezan eta mendia eta ingurumena zaintzeko helburuan abeltzainek jokatzen duten papera aitortu dezan bai hitzez, bai ekintzez”.