Gorka Pagonabarragak irabazi du Osinalde Saria
Entzuleek Ane Zuazubiskar hautatu dute bertsolaririk gogokoena. Bertsorik onenaren saria, berriz, Urko Arregik jaso du. Elizan egin dute sariketaren 49. edizioa.
Ezohiko formatuan, tokian eta ordutegian. Horrela jokatu dute gaur Osinalde Sariaren 49. edizioa. Bertso sariketa beteranoa sortu zeneko 50. urteurrena ere badute aurten. Baina pandemiak, saioa egoera berrira egokitzera behartu ditu antolatzaileak. Gabiriako Andra Mari elizan egin dute, eta lehen bertsoaldietan soziedadeko giroaren falta sumatu bada ere, pixkanaka berotu dira bai bertsolariak eta baita publikoa ere.
Eskenatokian sei bertsolari, Aztiri, Osinberde eta Argi-Berri sariketetan sailkatutakoak: Aroa Arrizubieta gasteiztarra, Urko Arregi oñatiarra, Ane Zuazubiskar arrasatearra, Ibai Amillategi gernikarra, Unai Izagirre azkoitiarra eta Gorka Pagonabarraga durangarra (Xabat Illarregiren ordez).
Agurren ondoren, puntukako eta binakako saioekin hasi dira. Gorka Pagonabarra bizi aritu da puntutan, eta binakakoan, ale politak entzun ahal izan dira, baita deskuidoren bat edo beste ere. 8ko txikiko ariketan Ane Zuazubiskarrek eta Urko Arregik ariketa polita egin dute, ETBko Baserria saioan parte hartu duen bilobaren eta haren aitona baserritarraren rolean.
Bakarka egin dute ondoren, doinu eta neurri librean. Ane Zuazubiskar eta Gorka Pagonabarraga aritu dira ondoen; lehena, ama hil eta gero eutanasia legea onartu dutela eta; bigarrena berriz, alabak hizkuntza matxistaz betetako reggaetoia entzuten dion aitaren paperean aritu da.
Eta azkenik, 10eko txikian aritu dira ofizioka. Gorka Pagonabarraga eta Unai Izagirre, Gabiriako eta Gasteizko umeen hizkuntza joeren inguruan aritu dira, dotore. Ane Zuazubiskarrek eta Ibai Amillategik ere saio polita egin dute, Euskal Herrian bizi diren Hego Ameriketako bi ahizpa internaren lekuaan jarrita.
Saio puntuagarria bukatuta, eta epaimahaiak puntuazioak eman bitartean, saskia pasa dute, elizan egin ohi den bezala, publikoaren botoak jasotzeko.
Eta emaitzekin batera, sorpresa. Suplente moduan iritsi dena atera baita irabazle. Gorka Pagonabarragak irabazi du 49. Osinalde Saria. Publikoak, berriz, Ane Zuazubiskar hautatu du bertsolaririk gogokoena. Bertsorik onena, berriz, Urko Arregik 8ko txikian egindakoa izan da.