Soinuz beteriko eguzki izpiak
Kultur esperientzia berriak arakatzeko bidean, Ordiziarock Ekintzak taldeak Ekirock sortu du: energia berriztagarriak erabilita kultur ekintzak antolatzeko bitarteko berria.
Ordiziarock Ekintzak elkarteak bere azken sorkuntza aurkeztu berri du aste honetan: Ekirock. Eguzki indarraren bitartez soilik funtzionatzen duen eta komunikazio zentro gisa erabil daitekeen elementu teknologiko-kultural bat da goierritarren proiektu berria. Ordiziarock elkarteko Urko Ruizen hitzetan, besteren artean “energia berriztagarriekin egin daitezkeen gauzak ikusaraztea eta kultur ekitaldi bat gauza askorik gabe aurrera eraman daitekeela frogatzea” da helburu nagusia.
Ekirock, bere horretan, eguzki plakaz hornitutako Cargo motako bizikleta elektriko bat da. Gainera, 1200 watt-600 W RMSko soinu ekipamendu bat du, hamabi kanaleko mahai digitala, anplifikadore simulazioekin eta bi osagarrirekin. Mikrofono sistema, edozein gailu elektriko konektatu ahal izateko entxufeak, beharraren arabera plaken makurdura aldatzeko sistema, eta bukle magnetiko bat ere bai, gorreria duten pertsonek dena delako kultur ekitaldiaz gozatu ahal izateko. Hori gutxi balitz, wifi sistema bat ere badauka, “une oro zenbat energia duen eta zenbat kontsumitzen ari den jakiteko”; baita ekitaldi estatikoetarako bi plaka fotovoltaiko gehigarri ere, “energia gehiago beharko litzatekeen kasuetan erabiltzeko”, zehaztu du Ruizek.
After Sun jaialdia mugarri
Ekirock aste honetan bertan aurkeztu badute ere, atzera egin behar da aurrekariak noizkoak diren jakiteko. Ruizek zehaztu duenez, 2018 hasieran Ordiziako Krea Energia berriztagarriak enpresako kideekin elkartu ziren, eta orduan hasi ziren ekitaldi bat “eguzki indarra soilik erabilita” aurrera nola eraman zezaketen eztabaidatzen. Hortik etorri zen urte bereko irailean egin zuten After Sun jaialdia. Energia berriztagarrien bitartez gauzatu zuten hura hornitzeko beharrezkoa zuten guztia: “Zuriterak, hozkailuak, argiak, musika…”. Ruizek gaineratu duenez, “elementu didaktikoak” ere eraman zituzten, “jendeak teknologia honek duen gaitasuna ikus zezan”. Jaialdi hura mugarri bat izan zen, orduan hasi baitziren Ekirock prototipo bat izan zitekeena egiteko lehendabiziko urratsak egiten.
Ordiziarock elkarteak antolatutako kontzertuetan zenbat energia erabiltzen zen aztertzea izan zen lehendabiziko eginbeharra. Behin hori zehaztuta, Ekirock egiteko beharrezko material guztia erosi zuten: “Bateriak, eguzki plakak, inbertsorea…”. Diseinua eta fabrikazioa Krea Energiaren eta Ordiziarock elkartearen arteko elkarlanaren emaitza izan da. Haiek finantzatu dute, gainera, prozesu guztia. Hala ere, ez dira aitzindariak honetan. Ruizek azaldu duenez, After Sun jaialdirako Solar Sound System enpresari eskatu behar izan zioten eguzki plaken bidezko soinu ekipamendua. Horrelako egitasmoak badira mundu guztian, “baina, oraingoz, ez gehiegi”, Ruizen esanetan. Haiek egindako ekarpena, dena den, bada azpimarratzeko modukoa: “Pertsona bakar batek eraman ahal izateko oinarri bat” asmatu baitute goierritarrek.
Ohiko energia iturrien aldean, Ekirock bizikleta elektrikoak “abantaila asko” ditu, Ruizen iritzian: “Garbiagoa da, ez du kutsatzen, eta gailuak berak ez du zaratarik ateratzen”. Gainera, talde gisa, burujabetza handiagoa ematen die Ekirockek. “Bizikleta irits daitekeen edozein lekutan erabil dezakegu. Gainerakoan, ekipo elektrogeno bat alokatu beharko genuke, eta, zarata handia sortzeaz gain, gasolio kontsumoa ere handia izango litzateke”. Horrelakoa beharko luke izan etorkizuneko bideak, Ruizen hitzetan. “Erregai fosil hauek noizbait bukatuko dira, eta inguruan daukagun energiari probetxua atera beharko genioke”.
Eskoletan, saioak
Andoaingo Ondarreta eskolan aurkeztu zuten Ekirock bizikleta elektrikoa, herenegun. Edozein kultur ekintza aurrera eramatea helburu duen arren —dela kontzertu bat, bertso saio bat, hitzaldi bat, antzerki bat…—, helburu didaktiko bat ere badu Ekirockek, eta eskoletara ere iritsi nahi dute, “energia berriztagarriek dituzten erabilerak” ikasleei erakusteko. Hala, apirilaren 16an, Donostiako Añorga auzoko Amassorrain ikastolan izango dira; apirilaren 17an, Añorgako Izpiak jaialdian; maiatzaren 16an, kontzertua eskainiko dute Ordiziako Nerea tabernaren kanpoaldean —emanaldi hori zehazteke dago oraindik—, eta, ekainaren 4an, Lakuntzako (Nafarroa) herri eskolan saioa egingo dute goizean, eta kontzertua eskainiko dute arratsaldean.
Pandemiak kultur arloan izan duen eragin negatiboak “amorrua” sortu dien arren, “egoerari buelta emateko erronka berriarekin ilusioz gainezka” daudela aitortu du Ruizek. Etengabe gauza berriak sortzen jarraitzen dute. Oraingoan, soinuz beteriko izpiak oparituko dituzte.
Sagarock musika zikloa martxan du Ordiziarock-ek
Ordiziarock buru-belarri lanean ari da hainbat ekintzaren antolakuntzan. Besteak beste, martxoaren 5ean martxan jarri zuten Sagarock musika zikloa. Rafa Rueda musikariak kontzertua eskaini zuen Ordiziako Tximista sagardotegian, kultura eta gastronomia uztartzeko egitasmoan.
Bihar izango da bigarren saioa, Rudiger taldearekin; sarrerak amaituta daude. Apirilaren 24an Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola ariko dira, eta maiatzaren 14an, Eneritz Furiyak. Ordiziarock.com webgunean eskuratu daitezke sarrerak.