Mugikortasuna mugatua dute 45.000 goierritarrek baino gehiagok
Jaurlaritzak neurriak zorroztu ditu egoera larrienean dauden herrietan. Goierriko bederatzi herriri eragiten die. Apirilaren 6ra arte indarrean egongo dira, gutxienez
Labiren aholku batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, neurriak zorroztea erabaki zuen ostiralean, berriz ere. Neurriak atzo sartu ziren indarrean. Ez die, ordea, Goierriko herri guztiei eragingo, larunbatean egoera okerrenean zeudenei baizik: Atauni, Beasaini, Idiazabali, Lazkaori, Olaberriari, Ordiziari, Urretxuri, Zaldibiari eta Zegamari. Hiru goierritarretatik biri eragin die erabakiak.
Mugikortasuna mugatua izango dute. Hau da, ezin dira euren herrietatik irten. Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduta dago, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko bada. Dekretuak beste hainbat salbuespen ere jasotzen ditu, hala nola, osasun eta lan arlokoak. Baita ere ostatu-erreserbak. Martxoaren 26a baino lehen gaua igarotzeko egindako erreserbarekin bi herrien artean mugitu daiteke, herrien egoera edozein dela ere. Urkulluk arrazoitu zuen turismo sektorea ez kaltetzeko hartutako erabakia dela.
Ostalaritzaren jarduera murriztu egin dute, ordea. Lokalen barruan soilik 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16: 30erako tarteetan kontsumitu ahal da.
Kirol jarduerak lauko taldeetan egin ahal dira gehienez espazio itxietan. Salbuetsita daude talde profesionalen eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak. Edonola, aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili. Igerilekuen kasuan, edukiera %35era mugatu dute eta dutxak banaka erabili behar dira.
Urteko garairik gogorrena
Jaurlaritzak neurriak aplikatzeko langa jaitsi du. 100.000 biztanleko 400 gaixoetan kokatu dute. 5.000 biztanletik beherako herrietan, intzidentzia tasaz gain, osasun eremuaren egoera eta azken azken astean izandako kasu positiboak hartuko dituzte aintzat. Astelehenetan berrituko dute zerrenda. Apirilaren 5a jai denez, 6an eguneratuko dute. Ordura arte, herrien egoera aldatu arren, neurriak ez dira kenduko edo jarriko.
Idiazabalgo intzidentzia tasak behera egin zuen atzo, eta 400ndik jaitsi zen. Zumarragan, aldiz, alderantziz. Eremu gorrian egoteko moduko datuak izan arren, zumarragarrek libre mugitu ahalko dute. Legazpin gora egiten ari da, baina oraindik 400 kasuen azpitik dago.
Goierrin 800 gaixoetako intzidentzia tasa gainditu da asteburuan, egoera larrienaren mugaren bikoitza. Larunbatean 72 positibo atzeman ziren, urteko daturik txarrena. Eskualdeak ez, baina lurralde historikoak isteko aukera jasotzen du dekretuak. Gipuzkoak 265,66 gaixoetako intzidentzia du.
Zaldibiako udalak kutsatuei eurekin harremanetan jartzeko eskatu die
Zaldibia da egoera larrienetakoa duen herria. Asteburuan 42 positibo atzeman dituzte eta intzidentzia tasa 3.500ndik gora dago. Udalak gaixoei eurekin harremanetan jartzeko eskatu die,«batetik gaitzaren zabalpena eragozteko ahalik eta neurri egokienak azkar hartzeko; eta bestetik, gaixotu den herritarren beharrei erantzuteko».
Udalak datozen bi asteetarako aurreikusita zeuden ekintza guztiak bertan behera utzi ditu. Eztitxu Mujika alkateak adierazi duenez, Osasun Sailari baheketa egiteko ere eskatu zioten, azkartasunek jokatzea berebizikoa dela argudiatuta. Osasun Sailetik erantzun zieten egoeraren inguruko jarraipena egiten ari direla eta ez dagoela halako neurrien beharrik.
Mujikak zehaztu du kutsaketa asko familia artean gertatzen ari direla, gurasoen eta seme-alaben artean. «Oso azkar hedatzen den» aldaera dela azpimarratu du, positiborik gehienak «bat-batean» pilatu direlako. Gaixo larririk ez dagoela gaineratu du, sintomak dituzten herritarrak egon badauden arren.
Alkateak «kezka» eta «ziurgabetasuna» sentitzen du herritarren artean. Egoera «gogorra» dela ezdu ezkutatu, baina lasaitasun mezua ere bidali du: «Aterako gara». Prebentzio neurriak zorrozteko eskatu die herritarrei. Era berean, sintomak izanez gero probak egiteko eskatu du.