Franco eta lauburua, bi erpin Gabirian
Udalbatzak ezohiko bilkura berezia egingo du igandean, Francori 1949an emandako ohorezko alkate izendapena kentzeko. Errepublikako emakumeen lauburu bat eman dio Euxebio Igartzabalek udalari.
Bestetan ere bereziki gogoratzen den Aberri egunak ezohiko bi osagai gehiago izango ditu igandean Gabirian. Udalbatzak ezohiko osoko bilkura berezia egingo du, Aberri egunarekin bat eginez, udaletxean 13:15ean. Francisco Franco diktadoreari herriko ohorezko alkate izendapena kenduko diote. 1949an eman zioten ohorezko tratu hori, eta oraindik errebokatu gabe zegoenez, udalbatzarreko puntu bakarrean titulu hori ezeztatuko dio Udalbatzak.
Gerra osteko lehen frankismo latzenean, Franco Donostiara etorri zen batean hartu zuen udalak izendapen hori emateko erabakia. Francok Gipuzkoako alkate guztiak audientzian hartu zituen 1949ko abuztuaren 23an.
Horren harira, hiru egun lehenago, abuztuaren 20an, ezohiko batzarra egin zuen Gabiriako Udalak. Espainiako estatuburu Franco herriko ohorezko alkate izendatu zuten, aho batez. «Bategite leialena» adierazi zioten. Hurrengo urtean, 1950eko San Inazio egunean, udaleko kide guztiak joan ziren Donostiara, Francori ongietorria ematera.
Emakumeen lauburua
Txanponaren beste aldekoa da igandean udalak aurkeztuko duen beste berritasuna. II. Errepublikaren garaiko metalezko lauburu bat da, eta 85 urtean lehenengo aldiz, jende aurrean erakutsiko dute berriz.
Euxebio Igartzabalek zeukan etxean gordeta pieza historiko hori, eta duela hiru-bat aste utzi zuen udalaren esku, dohaintza eginda.
«Artzein baserriko Anita Zufiaurrek eta gure izeba Gregori Igartzabalek eman zidaten lauburu hau, orain dela 40 urte baino gehiago. Merezi duen lekuren bat bilatuko niola esanez eman zidaten. Haiek esan zuten Mariaren Alabak kongregazioarena zela; ez dut uste, Emakume Abertzale Batzarena baizik», azaldu du Euxebio Igartzabalek.
Lauburua edukitzea frankismoan gogor zigortuta zegoenez, Artzein baserriko pikuaren azpian gordeta eduki zuten, denboraldi handi batean. «Abertzaleen zerbait edukitzea delitu zen orduan, eta horregatik esango zidaten Mariaren Alaben kontua».
Hain justu, EAB Emakume Abertzale Batza elkarte jeltzaleak bere banderaren mastaren puntan erabiltzen zuen lauburua. Brontzezkoa da Gabiriakoa, eta nikelatuta dago.
Gabirian 1932ko udan sortu zuten EAB emakume taldea, eta lehen zuzendaritzakoa izan zen Anita Zufiaurre. Argia astekariko herriko berriemailea ere bazen. 1978ko martxoan hil zen.
Udaleko batzar aretoan kokatuko dutela iragarri du Oier Oiarbide alkateak, lehenbizi igandean herritarrei erakutsi ondoren.