'Udaberria transloratzen' zikloa aurkeztu du Ordiziako Udalak
Haur eta gazte transexualen errealitatera gerturatzea eta aniztasuna aberasgarria dela ikusaraztea da helburua. Maiatzaren 14ra arte iraungo duen programa prestatu dute
Ordiziako Udalak Udaberria transloratzen zikloa aurkeztu du. Zikloaren bidez, transexualen errealitateak aintzat hartu eta jendartean ikusgaitasuna ematea dute helburu. Hainbat ekintzetako programa zabala prestatu dute, maiatzaren 14ra bitartean iraungo duena. Zinegoak 2021eko emanaldiarekin emango diote hasiera zikloari.
Ordiziako Udala «kezkatuta» agertu da gizarteak markatutako bide heteropatriarkaletik hurrentzen diren errealitateak etengabe zalantzan jartzen direlako. Hori dela eta sortu dute zikloa: «Haur eta gazte transexualen errealitatera gerturatzen saiatuko gara», adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. Adin guztiei zuzendutako programa izango da: «Helduon sentsibilizazioa garrantzitsua baita, baina ezinbestekoa da haur eta gazteengan eragitea, errealitatea anitza dela eta aniztasun hori aberasgarria dela ikusaraztea».
Apirilaren 8an izango da Zinegoaken emanaldia, Herri Antzokian, 18:30ean. Apirilaren 15ean, Neskak eta mutilak tailerra izango da D’Elikatuzen Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Aitzole Aranetaren eskutik, 17:00etan. Apirilaren 21ean, berriz, Moio liburua aurkeztuko du Kattalin Minerrek, 18:00etan, D’Elikatuzen. Eta apirila amaitzeko, hilaren 29an, Transakziorako ipuinak eskainiko dituzte, Apika taldearen eskutik, Barrena Aretoan, 17:00etan.
Maiatzean ere hainbat ekintza egingo dituzte. Hilaren 5ean, Transformatzen dokumentala eskainiko dute Herri Antzokian, Bea Sever sexologoarekin, Ekaitz Goikoetxea zuzendariarekin eta Naizen elkarteko herriko familia baten parte hartzearekin. Maiatzaren 12an, Transitos liburuaren inguruko solasaldia egongo da. Familia ezberdinen testigantzak jasotzen ditu liburuak. Zikloari amaiera emateko, maiatzaren 3tik 14ra bitartean, Josu Marotoren Balio Erantzia erakusketa jarriko dute ikusgai Barrena aretoan.
Ikusgaitasunaren eguna
Transexualitatearen ikusgaitasunaren nazioarteko eguna izan zen atzo: «Baina ez dugu nahi hau egun bakar batean geratzea», agertu du Ezenarrok. Herritarrak deitu dituzte zikloan parte hartzera: «Gure gizartearen isla diren errealitateak landuko baititugu, eta askotan arrotza eta ezezaguna egiten zaigun errealitate bati gerturatzeko aukera eman nahi dugu, gure herrian dagoeneko izan baditugun errealitateak direlako». Zehaztutako arauekin haustera ere animatu dituzte: «Gizarteak markatu dizkigun zenbait arau desikasi eta herri kontzientzia sortzeko asmoz. Gaur hasi eta hemendik aurrera gurekin geratuko diren sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak bultzatuz», amaitu du alkateak.