Urretxuko dendarik politena eta solidarioena
Aspacek Urretxun duen eguneko zentroko kideek saski denda ireki dute Iparragirre kalean. Denda hau, solidarioa izateaz gain, ederra ere bada. Parisko auzorik dotoreenetik atera dutela dirudi.
Urretxuko Udala alde zaharra biziberritzen saiatzen ari da eta horretarako elkarteei lokalak eskaini dizkie, besteak beste. Artisauek denda polit bat ireki zuten iaz eta orain Aspacekoen txanda heldu da.
Hauek Parisko auzorik dotorenetik ateratakoa dirudien denda ireki dute Iparragirreren jaiotetxearen azpian. Bertan, Aspaceren eguneko zentroko erabiltzaileek saskiak jarri dituzte salgai. Saskiak nola egiten dituzten ere erakusten dute. Herritarrei dendara sartzeko gonbita luzatu diete. Ostegun goizetan irekitzen dute, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Oihana Iurrita eta Iban Arenas erabiltzaileek eta Nerea Ormazabal hezitzailek eman dute dendaren berri. «Denda Eider Gorrotxategik dekoratu du. Gure lanari ikusgarritasuna emateko aukera oso ona da. Halako ekimenek bizitza normalizatuagoa egiten laguntzen digute. Duela urte batzuk erakusketa bat ireki genuen, ikastetxeetara joaten gara gure lana erakustera, ikastetxeetatik hona etortzen dira nola lan egiten dugun ikastera, azoketara joaten gara, udalekuetan parte hartzen dugu, irakurketa errazeko taldeko eta aniztasun eta bizikidetza mahaiko kideak gara…».
Aspaceren Urretxuko egoitzan bospasei hezitzaile eta 19 erabiltzaile daude. Erabiltzaile guztiak urritasun psikokoa duten helduak dira. Astelehenetik ostiralera egoten dira bertan, 09:00etatik 17:00etara.
Gipuzkoako Aspaceren helburua erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzea da, normalizazioaren eta inklusioaren bidez.
Egunerokoa
Horretarako, bizitza arrunta eramaten saiatzen dira. «Gure lanbidea saskiak egitea da eta, horretaz gain, eguneroko lan guztiak egiten ditugu: arropa garbitu, erosketak egin… Gainera, arratsaldetan gure ahalduntzearen inguruan hausnartzen dugu».
Aurki egoitza berria izango dute: 2023an pasiotarren eraikinera joango dira. «Bertara joateko gogo handia dugu. Izan ere, egun eguneko zentroa bakarrik dugu. Egoitza berrian, berriz, egunezko zentroaz gain, etxebizitza bat izango dugu. Gutako 10-12 bertan biziko dira. Etorkizunera begira, lasaitasuna ematen du halako toki bat edukitzeak. Izan ere, egun gurasoekin bizi gara, baina egunen batean gurasoak joan egingo dira», amaitu dute.