Beasaingo Dolarea parkea eraberritzeko lanak hasi dira
Eszenatokiaren eraispena eta berdeguneen homogeinizazioa dira egingo diren aldaketarik handienak, espazioa zabalagoa eta irisgarriagoa izateko helburuarekin.
Dolarea parkea eraberritzeko lanak hasi dira Beasainen. Eremua hesitu eta eszenatokia botaz ekin diete lanei. Lanek 741.297,86 + BEZ euroko aurrekontua dute eta Moyua eraikuntza enpresak gauzatuko ditu. Obrek bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten dute teknikariek,
Eszenatokiaren eraispena eta berdeguneen homogeinizazioa dira egingo diren aldaketarik handienak, espazioa zabalagoa eta irisgarriagoa izateko helburuarekin. Zuhaiztiak indartu egingo dira, ingurua are berdeagoa izan dadin. Udalaren esanetan, «Dolarea parkea zaharberritzearen helburu nagusia Beasaini espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri bat ematea da, Igartzako Monumentu Multzotik pauso batera».
Igartza Oleta kaleko espaloitik arrapala zabal bat eraikiko dute, gaur egun dauden eskailerak desagerraraziz. Sarbidea irisgarriagoa eta zabalagoa izango da eta Igartzako Monumentu Multzoan integratuago egongo da. «Oria ibaiaren iparraldeko ertzaren hiri-paisaia aberastuko du gune berriak», diote. Era berean, Igartza Oletako sarbide berriarekin lotura zuzena du aldaketak.
Uda garaian bi ur txorrota jarriko dira, haurrek jolastu ahal izateko. Kendu eta jarri egingo dira eta neguan jaso egingo dira.