Euskararen erabilera neurtzeko bolondres bila Seguran
Euskararen erabilera zein den ezagutu eta neurtzeko bolondres bila dabiltza Seguran
4 urtez behin euskararen erabilera zenbatekoa den eta zer nolako bilakaera izaten ari den jakiteko kale neurketak burutzen dituzte Seguran. Aurten ere ekimen hau aurrera eramateko asmoz, bolondres eskaera jarri dute martxan. Bolondresek aplikazio baten bidez kalean zein hizkuntza entzuten den jasoko dute. Neurketa 16 ordukoa izango da bi asteko tartean, baina neurketa egin aurretik formakuntza emango zaie bolondresei.
Lan hau egiteko 3 bolondres beharko direla jakinarazi du Segurako Udalak, eta deialdia herritar guztiei irekia dagoela adierazi dute. Horrez gain, soziolinguistika klusterrak EHUrekin hitzarmen bat duela azaldu dute, eta neurketan parte hartzen duten EHUko ikasleek aukera askeko kreditu bat jasotzeko aukera izango dute honi esker.
Izena eman nahi duten herritarrek mezu bat bidali beharko dute kultura@segura.eus helbide elektronikora gaurtik apirilaren 14ra bitartean.