Libururaren Nazioarteko eguna ospatuko dute Beasainen “Kontaidazu liburua” lelopean
Libururaren Nazioarteko egunaren inguruan Udalak urtero antolatzen duen egitarauaren barruan antzerkia, bakarrizketa eta Beasaingo idaz-lehiaketaren sari ematea izango dira ekitaldi nagusiak
Ohi bezala, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da apirilaren 23an. Beasaingo Udalak aurten ere hainbat ekitaldi antolatu ditu egun honen bueltan, oraingo honetan pandemia garaian irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz. Euskarazko literatura ezagutaraztea, irakurzaletasuna bultzatzea eta, era berean, herritarrak bibliotekara hurbiltzea izango dira “Kontaidazu liburua” lelopean ospatuko duten egitarauaren helburuak.
Aurtengoa «segurtasun irizpideak kontuan hartuta pentsatutako kanpaina» dela azaldu dute: elkarren artean kontaktua saihesteko eta liburuetan oinarritutako proiektuak ezagutzera emateko. “Kontaidazu liburua” lelopean antolatu den egitarauan biltzen diren ekitaldiak apirilean hasiko dira eta maiatzaren 7an amaituko dira.
Apirilaren 16an izango da hurrengo hitzordua, bi ekitaldiekin: lehena irakurle taldearen saioa izango da, Igartza Monumentu Multzoan 17:30ean. Beasaingo Idazlan-lehiaketan saritutako lanak landuko dituzte bertan. Toki berean eta 19:00etan, Amaia Zinkunegiren bakarrizketa izango da helduentzako “Otxandreak korrika”-ren kontaketarekin, “Las mujeres que bailan con lobos” liburua aitzakia hartuta.
Apirilaren 23an eguerdiko 12:00etan Beasain idazlehiaketaren sari-emate ekitaldia egingo da Igartzan. Eta egitarauari amaiera emanez, maiatzaren 7an 19:00etan Usurbe antzokian “Antigone eta ezetzaren beharra” antzezlana taularatuko da Horman Poster konpainiaren eskutik, Sofoklesen liburuan oinarrituta. Azken 2.500 urtetan garai guztietan gehien moldatu den obra izan da. Sarrera prezio berezian salduko da, 6€.
Liburutegian zer aurki daitekeen ezagutzera emateko bideo bat ere egingo da, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, Udalaren web orrian zabalduko dena.