Ordiziako Udalak webgunea berritu eta aldizkari berria sortu du
Herritarrak ahalik eta modu "argi, zuzen eta azkarrenean komunikatuta" izatea da udalaren helburua. Urtean lau aldizkari kaleratuko dituzte.
Herritarrak ahalik eta modu “argi, zuzen eta azkarrenean komunikatuta izateko”, Ordiziako Udalak webgunea berritu du, eta aldizkari berria sortu du. “Webgunea herritarren beharretara egokitu dugu”, azaldu du Itsaso Muñoz komunikazio arduradunak. Kanpoko itxura aldatzeaz gain, webgunearen beraren barne funtzionamendua ere moldatu egin dute. ACV enpresa ordiziarrarekin elkarlanean egindako lana da.
Muñozen nabarmendu duenez, “hasiera orrian albiste nagusiak azaltzen dira. Hori ez ezik, momentu horretan herritarren interesekoak izan daitezkeen lau gai ere nabarmenduta agertzen dira. Hala nola, parkeen parte hartze prozesuan herritarren iritzia jaso nahi zenean, hori egon da nabarmenduta. Egungo egoera dela eta, COVID-19aren inguruko atala sortu da, esaterako. Bertan, eguneroko datuak agertzen dira, eta baita indarrean dauden azken neurriak ere”.
Bost ataletan banatu dute webgunea. Lehenengoa Udala da. Bertan, “udala osatzen duten alderdien inguruko informazioa agertzen da, antolaketa politikoari dagokiona. Udalak dituen atalak ere bertan agertzen dira, baina badu berritasuna. Guretzako oso garrantzitsua da ordiziarrek jakitea zein dagoen departamentu edo sail baten atzean, aurpegiak jartzea. Horregatik, sail bakoitzean arduradun direnen argazkia eta haiek egiten dituzten lanen laburpen bat azaltzen da”.
Zure zerbitzura da bigarren atala. Kasu honetan, udal tramiteak, lan-eskaintzak, iragarki-taula, diru-laguntzak eta telefonoak daude. “Ordiziako Udala lanean ari da Udal Tramiteak ahalik eta modu eraginkor, erraz eta azkarrenean ahalbidetzeko. Albisteen atalean, azkeneko berriak aurkitzen dira. Hala ere, herritarrek edo interesa dutenek urteetan atzera egiteko aukera eskaintzen duen erraminta intuitiboa da”.
Laugarren atala Ikusi ta bizi da. Ordiziaren sorreraren informazioa aurki daiteke bertan, eta baita udalerriak izan duen bilakaera ere. “Hori ez ezik, kontakizunen atal bat ere sortu da. Ipuinak eta kontakizunak agertzen dira hemen; audio bidez, edo irakurriz gozatzeko”.
Bestalde, Ordiziak dituen txoko interesgarriak ‘zer ikusi’ botoiaren barnean aurki daitezke; besteak beste, Udaletxea, Zabala Jauregia, Barrena Jauregia, Muxikako Dorretxea eta Zabale Baserria. Informazio bulegoaren informazioaz gain, argazki zaharrak ere aurki daitezke laugarren atal honetan.
Amaitzeko, bosgarren atala Agenda da. “Ordizia herri bizia da, kultur aniztasun handikoa, eta dinamikoa”, adierazi du Muñozek. Beraz, hurrengo egunetan egongo diren hitzaldi, ekintza, tailer eta zine eskaintza modu antolatu eta bisualean aurkituko dute.
Hori guztiaz gain, Whatsapp bidezko komunikazio kanala ere sortu du Ordiziako Udalak. Webgune bidez ere eman daiteke altan zerbitzu honetan. Bestela, 688 75 26 47 zenbakira mezu bat bidaltzea besterik ez da behar, ALTA jarriz.
Aldizkari berria
Bestalde, EH Bilduko zinegotziaren esanetan, “hasieratik gure ideia izan da ordiziar guztiengana iristea. Horretarako hainbat bide sortu badira ere, badakigu askok etxean, patxadaz, jaso nahi dutela informazioa. Horregatik, ‘Ordizia Bizi Herria’ aldizkaria sortu dugu”. Urtaro bakoitzean zenbaki bat aterako da; lau, guztira. “Ez da Udal aldizkaria soilik. Herrian azken hilabeteetan egin diren ekimen eta proiektuen informazioa jasoko dute ordiziarrek, baina ez hori bakarrik; aldizkari partehartzailea eta dinamikoa izango da eta horretarako ordiziarrok zuen txokoa izango duzue. Urrutira joan gabe, Ordizian baditugulako zer kontatua duten asko”. Hala, norbaitek bertan parte hartu edo gai interesgarriren bat proposatu nahiko balu, komunikazioa@ordizia.eus webgunera idatzi dezake.
Udal eta herritarren informazioaz gain, denborapasak eta argazki zahar bat ere agertuko da bertan.