Urtsuaranera irteera eta beste hainbat eskaintza Idiazabalen
Apirilaren 11n Urtsuaranera egingo duten irteera gidatuan parte hartzeko izen ematea zabalik dago oraindik. Larunbat honetarako aurreikusita zegoen Aire Libreko I. Pintura lehiaketa, berriz, atzeratu egin da.
Apirilean aire aire! goiburupean, egitarau zabala prestatu zuen Idiazabalgo Udalak apirilerako, baina pandemiak sortutako egoera dela eta, ustekabeko zenbait aldaketa sortu dira. Kultur eta kirol eskaintzak nagusi diren honetan, apirilaren 10ean Aire Libreko I. Pintura lehiaketa egitea aurreikusi zuen Idiazabalgo Udalak, baina azken txosten epidemiologikoaren arabera Idiazabalek perimetralki itxita jarraituko du eta honenbestez, larunbateko Pintura Lehiaketa atzeratu egingo da.
Dena den, apirilaren 1ean ekin zioten egitaraua apirilaren 24a arte luzatuko da antolatutako beste hainbat ekintzei esker. Igande honetarako, apirilaren 11rako, Urtsuaranera joateko irteera gidatua antolatu dute. Goizeko 08:30etan herriko plazatik abiatuta, Urtsuarango galtzada eta Urtsuaran bera ezagutzeko aukera izango dute heldu zein gaztetxoek. Urtsuaranen, gainera, umeentzako joko bat egingo dute bertako bizilagun entzutetsu bat ezagutzeko. Ibilaldian parte hartzeko izen ematea zabalik dago oraindik; izen ematea liburutegian bertan, liburutegia@idiazabal.eus helbidera emaila idatzita edo whatsapp bidez egin ahalko da, 943187100 zenbakian.