Uhin arteko loturak
Urretxu-Zumarragako gaztetxean sare sozialen bidezko elkarrizketak egiten hasi dira. Harreman berriak egiteko zubi bilakatu da sarea.
Gazteen Euskal Behatokiak 2019ko azaroan argitaratu zuen gazteek sare sozialetan egiten duten erabileraren inguruko azken ikerketa lana, Euskadiko gazteak eta sare sozialak izenburupean. Emaitzak argi utzi zuen, besteak beste, sare sozialak gazteen eguneroko bizitzaren “zati garrantzitsua” direla. Askorentzat, “ohetik altxatu eta lehen gauza” izaten da sare sozialetara konektatzea, “eta baita oheratzean egiten duten azken ekintza ere”.
Mattin Aranburu Urretxu-Zumarragako gaztetxeko kidea da, eta, haren hitzetan, “gazteentzat sozializatzeko gune garrantzitsu” bihurtu dira sare sozialak. “Azken urteetako joera” dela azpimarratu du, baina “pandemia giroan asko areagotu” dela joera hori. Dena den, gazteek, oinarrian, “sozializatzeko beste modu batzuk” dituztela gogoratu du. “Eta sare sozialak osagarri bat baino ez dira”.
Sare sozialek “ezaugarri positibo asko” dituzte, baina “arriskutsuak” ere izan daitezke. Batzuetan, “benetako errealitatea ez den errealitate birtual bat” sor dezakete, eta, horregatik, “neurria hartzen jakitea” garrantzitsua dela uste du Aranburuk.
Baina sare sozialek aspaldi utzi zioten gazteen kontua izateari, eta gaur egun, sozializatzeko ez ezik, gizarteko beste hainbat esparrutan baliatzeko ere tresna erabilgarri bihurtu dira. Orain urte batzuk pentsaezina zen, baina sare sozialena gaztetxearen esparruan ere errealitate bihurtu da. Duela urtebete, adibidez, itxialdi bete-betean, Aranburu eta gaztetxeko asanbladako kideak Skype bidez hasi ziren bilerak egiten. Izan ere, Urretxu-Zumarragako gaztetxea betidanik izan da oso emankorra kultur ekintzak antolatzeari dagokionez. Asanblada berriak orain zazpi bat urte hartu zion erreleboa aurrekoari; ez zailtasun gutxirekin. “Koronabirusaren izurria baino urtebete edo bi lehenago” hasi zen gaztetxea berriz ere ohiko martxa hartzen.
Neurrien arabera, aldaketak
Iazko ekainean, pandemiaren eraginez hartutako neurriak lasaitzen hasi zirenean, Urretxu-Zumarragako gaztetxean berriz ekin zioten ekintzak antolatzeari. “Orduan ez genuen sare sozialetan ezer egiteko asmorik; presentzialak ziren ekintza guztiak”, dio Aranburuk, protokolo berrietara egokituta, noski; distantziak, higiene neurriak, maskarak… Antolatutako ekintza horiek “iragartzeko eta zabaltzeko” erabili izan dituzte, batez ere, sare sozialak.
Baina azaroan berriz zorroztu zituzten neurriak, eta bertan behera utzi behar izan zituzten aurretik antolatutako ekintza asko. Ziurgabetasun egoera horretan “beste bide batzuk” arakatu behar izan zituztela kontatu du Aranburuk. Orduan hasi ziren Instagram bidez herriko musikari gazteei elkarrizketak egiten.
Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, Instagram da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen sare sozialik gogokoena; %74,1 dira Instagramera egunero konektatzen diren gazteak. Bi helbururekin hasi ziren elkarrizketak antolatzen: “Batetik, aurrez aurre egin ezin genituen ekintzak gauzatzeko aukera eman digu sareak”, dio Aranburuk. “Eta, bestetik, pandemiaren ondorioz baztertuta gelditu diren musikari gazteei ahotsa eta ikusgarritasuna eman ahal izan diegu”. Jaurlaritzaren neurri berrien arabera, “musikari profesionalek” soilik eskain ditzakete emanaldiak.
Azarotik “dozena bat musikari” elkarrizketatu dituzte Urretxu-Zumarragako gaztetxean. “Larunbatetan 22:00etan izan ohi da saioa”, zehaztu du Aranburuk. “Askotarikoa” da elkarrizketatuen profila, eta, horregatik, herrian oraindik ere “elkarrizketatzeko musikari asko” daudela gaineratu du. Pandemia egoera aldatzen ez den bitartean, bide hori arakatzen jarraitzeko asmoa dute gaztetxeko kideek. “Eta egitasmoa herriko bestelako kultur taldeetara zabaltzeko asmoa ere badaukagu buruan”.
Egitasmoak “arrakasta” izan duela uste du Aranburuk. “Elkarrizketaren uneren batean sartu den bisitarien kopurua 60-80 lagunekoa da, batez beste; saioa hasieratik bukaerara ikusi dutenena, berriz, 15-20 pertsonakoa”. Bestela gaztetxera inoiz azalduko ez ziratekeen askok sarean elkarrizketak ikusi dituztela goraipatu du gaztetxeko kideak.
Gainerakoan, pandemiaren testuinguruan gazteekiko eraiki den irudia “okerra” dela uste du Aranburuk: “Parrandara edo harremanak izateko zailtasunetara soilik mugatu da, baina pandemiaren eragina larriagoa izango da krisi sozial-ekonomiko-kapitalista terminoetan ulertuta”. Osasun larrialdiak “bestela onartuko ez zituzketen neurriak onartzeko” modua eman duen testuinguru bat sortu duela gaineratu du, eta “neurrien arbitrariotasuna” azpimarratu du: “Zurrunbilo batean sartuta gaude, eta, agian, denborak emango digu gauzak argiago ikusteko aukera”.