Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka sortu dute, Kilometroen harira
Mintzolak eta Kilometroak elkarteak deituta, eskualdeko nahiz herri jakin bateko ipuin, bertso, kantu nahiz esapideak biltzeko eta ikertzeko da lana. 3.000 eurokoa da beka
Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak aurten Goierrin izango dela eta, Mintzola ahozko lantegiak eta Kilometroak kultur elkarteak Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka antolatu dute. Iaz ekin zioten gisa horretako ikerketei, Pello Mari Otaño Ikerketa Bekarekin. Orain, Goierriko eskualdean jarraituko du. Kilometroak ekimen berria, festa egun erraldoi eta bakar izateari utzi, eta euskalgintzako, kulturako eta, azken batean, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu nahi dute.
Iaz, Kilometroak Amasa-Villabonan egokitu zenez, Tolosaldeko Harituz bertsozale elkarguneak Aiztondoren zirtotsak proiektuak lortu zuen beka. 2021ean, Mintzola Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolen babesarekin ariko da.
Goierriko ahozko ondarea biltzeko eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko izango da beka. 3.000 euroko diru laguntza bat emango dute Mintzolak eta Kilometroek. Unibertsitateko tituludunek aurkez ditzakete proiektuak, ekainaren 30a baino lehen. Uztailean jakinaraziko dute irabazlea, eta urtebeteko epea izango dute bekadunek lana bukatzeko: 2022ko uztailaren 15a.
«Deialdi hau Goierri eskualdeko edo bertan kokatutako herri bateko ahozko ondarearen bilketari eta ikerketari buruzko proiektuetarako da. Jasotzen diren ikerketa proiektuak aztertu eta gutxieneko maila dutenen arteko onenari esleituko zaio beka. Ikerketa proiektuak norbanako edo talde batek aurkez ditzakete, eta beraz, baita gauzatu ere», azaldu dute antolatzaileek ikerketa bekaren oinarrietan. Epaimahaia Kilometroak kultur elkarteko, Mintzolako eta hiru ikastoletako ordezkari banak osatuko dute.
Ahozko ondarea
Goierriko ahozko ondarea da ikerketaren muina, eskualde mailakoa nahiz herri jakin batekoa. Kantuak, ipuinak, bertsoak, atsotitzak, esapideak… ahozko sorkuntzako espresio eta emaitza guztiak bildu eta jorra daitezke. Bekaren helburua, hain justu, «bilketa, ikerketa eta dibulgazioa» dira.
Iaz saritutako proiektuak, adibidez, zirtoa, ateraldia edo ditxoa du aztergai, pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra, erriman oinarritu ohi dena, ikastetxeetan erakutsi eta balioa emateko.