Uraren kudeaketa publikoaren aldeko ekimena aurkeztu dute
Hainbat alderdik, sindikatuk eta elkartek bultzatu dute Onura Publikoa egitasmoa. 2007tik hona, ur hornidura zerbitzuaz enpresa pribatu bat arduratzen da, eta zerbitzuak publikoa izan beharko lukeela uste dute.
Urretxuko eta Zumarragako hainbat alderdi, sindikatu eta elkartek uraren kudeaketa publikoaren aldeko Onura Publikoa ekimena aurkeztu dute. Izan ere, 2007tik enpresa pribatu bat arduratzen da uraren kudeaketaz.
Ekimenean ondorengoek parte hartzen dute: Koordinadora Feminista, Ernai, ELA, LAB, CCOO, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Sortu, Berdeak Legazpi, Bertso Eskola, KKinzona, Gaztetxea, Mutamu, Geltokiko Jai Batzordea eta Duintasuna pentsiodunen elkartea. Ekimena eragile eta norbanako guztiei irekia da. Parte hartu nahi dutenek onurapublikoa@ni.eus helbidera idatzi behar dute.
Parte hartzaileek uraren publikotasunaren inguruko kontzientzizio lana egingo dute, gestio publikoaren aldeko ekintzak sustatuko dituzte eta udalei kudeaketa publikoa era koordinatuan ezartzeko eskatuko diete. Lehen ekintza maiatzaren 22an izango da, 19:00etan, Zelai Arizti aretoan. Iñaki Antiguedad hidrogeologian katedradunak, Pedro Arrojo uraren gaietarako Nazio Batuetako errelatoreak eta Maria Sanchez Valladolideko zinegotziak hitzaldia egingo dute.
Onura Publikoa egitasmoaren aurkezpena atzo izan zen. Bi herrietako hainbat zinegotzik eta eragilek parte hartu zuten. Egitasmoa aurkeztu ondoren, manifestua irakurri zuten. Bi herrietan uraren hornikuntza enpresa pribatuen eskuetan dagoela gogoratu zuten. «2007. urtetik aurrera Urretxuko zein Zumarragako udalek uraren hornikuntza eta saneamenduaren kudeaketa lehiaketa bidez enpresa pribatuei esleitu zieten eta gaur egun Gipuzkoan uraren kudeaketa esku pribatuetan daukaten udal bakarrak dira».
Horri onartezina deritzote. «Guztiona den ondasuna, giza eskubidea eta bizitzarako oinarrizkoa den ura merkantilizatu egin da eta ezin dugu onartu. Horrez gain, Urretxuko eta Zumarragako herritarrek Gipuzkoako gainontzeko herritarrek baino prezio altuagoak dituzte, tarifen garestitze ikaragarriak jasan dituzte (batez ere egoera zaurgarriena dutenek) eta kontsumitzaile nahiz herritar bezala beren eskubideak urratuak izan dira».
Bi udalek Aquarbe enpresarekin sinatutako kontratua aurten amaitzen da. «Horrek aukera berri bat zabaltzen digu parez pare: uraren kudeaketa herritarron eskuetara pasatzea».
Nazio Batuen ebazpena
Horren alde lan egingo dutela aurreratu zuten. «Ura giza eskubide unibertsala da eta guztion ondarea. Nazio Batuetako Batzar Nagusiak honakoa onartu zuen 2010eko uztailaren 28ko A/RES/64/292 ebazpenean: edateko ura eta saneamendua izateko eskubidea giza eskubide funtsezkoa da bizitzaren gozamen osorako eta giza eskubide guztientzat. Ura beraz ez da negozio bat, gure bizitzen oinarrian dagoen giza eskubide unibertsala da eta printzipio horren gizarteratzean egingo dugu lan».
Uraren kudeaketa % 100ean publikoa izan behar dela aldarrikatu zuten. «Ura jabetza publikoko ondarea eta giza eskubide unibertsala den aldetik, hornikuntza eta saneamendu zerbitzuak giza eskubideekin eta herritarrekin lotuta daude. Zerbitzu horiek ezin dira merkatuaren logika eta negozio pribatuaren irizpideen arabera kudeatu; kudeaketa publikoa, parte hartzailea eta irabazi asmorik gabea erabilita baizik. Printzipio horiek bermatuko dituen kudeaketa eredu publiko, parte hartzaile, jasangarri eta gardenaren alde egingo dugu lan. Orain arte ura kudeatu duten langileak hemengoak direla aprobetxatuz eta beraien jakintzaz baliatuz, uraren kudeaketa publikoaren alde egiteko momentu egokiena dela deritzogu».
Langileen eskubideak eta kalitatezko enplegu publikoa bermatu nahi dituzte. «Uraren kudeaketa publikoa aurrera eramango duen entitate publiko berrian orain arte azpikontratatuta dauden langileak integratzeko egingo dugu lan, beraien lan eskubide guztiak bermatu, beraien ezagutza teknikoa baliatu eta beraien baldintzak hobetu daitezen. Uraren ziklo integralaren kudeaketa enplegu berriak sortzeko iturri izan behar duela diogu. Uraren kudeaketarekin zerikusia duten enplegu guztiak publikoak izan behar dute».
Tarifak justuak eta sozialak izan behar direla gehitu zuten. «Tarifak zerbitzuaren kostua estali behar du eta ez enpresa baten irabaziak bermatu. Gipuzkoako gainontzeko herrien pareko tarifak defendatuko ditugu. Asko kontsumitzen dutenek gehiago ordainduko dute eta pertsona zaurgarrienak babestuko ditugu».
Fakturak
Gardentasuna, informazioa eta errespetua ere bermatu behar direla esan zuten. «Fakturak etxe guztietara bidali behar dira, nahi den modalitatean. Herritar bakoitzak erabaki behar du nola jaso nahi dituen fakturak eta ez enpresa batek». Bukatzeko, uraren kudeaketa publikoa lortzeko hainbat ekintza antolatuko dituztela aurreratu zuten. «Printzipio eta oinarri hauek aurrera eramateko, elkarlanean lan egingo dugu; ekimen herritar, parte hartzaile eta zabala eratuz. Kudeaketa publikoa berreskuratzeko gizarteratze, kontzientziazio eta mobilizazio ekintzak antolatuko ditugu».