Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartu dute
Madrilgo kongresuak ontzat jo du Eusko Legebiltzarraren lege proiektua. Jon Gartzia ASVIAMIEko kideak «pauso oso garrantzitsua» eman dela nabarmendu du.
Borroka luzearen ondoren, Espainiako Kongresuak aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrak 2017. urtean adostutako akordioa, eta argi berdea eman dio amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat eratzeari. Ganbera baxuko talde politiko guztien babesa izan du proiektuak, Vox-ena izan ezik, abstentziora jo baitzuen.
ASVIAMIE Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak urteak daramatza funts hori sortzeko eskatzen. Batez ere, minbizia sor dezakeen material horrek eragindako pertsonei lagunduko liekeelako. Izan ere, kaltetuek abiatu beharreko prozesu judiziala oso bihurria da. Jon Gartzia ordiziarra, ASVIAMIEko ordezkaria ere badena, lege proiektuak egin duen bidearen lekuko zuzena izan da urte hauetan guztietan, eta «oso pozik» agertu da, «konpentsazio funtsa onartzea presazkoa zelako, eta azkenean lortu delako», baina gainera, «unibertsala» izango delako; hau da, «amiantoaren biktima guztientzat izango da, amiantoarekin zuzenean lanean aritu den pertsona izan ala ez, edo kotizatu izana ala ez, beraz, etxean amiantoa zuten arropak garbitzen egon diren emakumeak ere kontuan hartuko ditu, besteak beste. Kontuan izango ditu baita ere, gaur-gaurkoz egon litekeen amiantoak, etorkizunean sor ditzakeen biktimak, eta hori, pauso handia da». Era berean, kaltetutako langileei kalte-ordainak ordaintzeko orduan enpresa askok izan behar duten egoera arinduko luke.
Baina tramitera onartu den lege egitasmoan zenbait emendakin iragarri dituzte alderdi batzuek. Hala, funts hori nola elikatu edo funtsak berak izango duen diru kopuruak kezkatzen ditu ASVIAMIE-koak. Gainera, Gizarte Segurantzako, ministerioaren eskuduntza izatea aurreikusten du proposamenak, eta horrek ere kezkatzen du Gartzia. Aurrerantzean egon litezkeen oztopoak oztopo, «beharrezko guztia» egiten jarraituko dutela zin egin du ASVIAMIEko ordezkariak: «Behar den presioa egingo dugu».
Kongresuari gutuna
Lege proiektuak aurrera egin izanagatik pozik, baina baita kongresuan hitza eman zitzaiolako ASVIAMIEri. Oskar Matute EH Bilduko koalizioko ordezkariak, hain zuzen ere, bere hitz egiteko denbora, elkartearen gutun bat irakurtzeko erabili zuen.
Kongresuari zuzentzen zaion gutuna, 2000. urtean amiantoaren biktimen elkartea sortu eta gaur arte bidelagun izan dituzten ikerlari, doktore, ingeniari eta beste hainbat pertsonei eskerrak ematen hasten da, eta ondoren esplikatzen du, nola iritsi diren amiantoaren biktimentzat konpentsazio funtsaren legearen aurreproiektu honetara.
Gutunak dio «aurreproiektua asegarria» dela, «zorroztasunez landuta» dagoela eta Europako hainbat herrialdetako esperientziak aintzat hartuz egin» dela. Aurreproiektua bultzatzearen garrantzia zertan datzan ere argitzen du bi puntutan; batetik, auzibide amaiezinekin bukatuko delako, biktimentzat eta haien senitartekoentzat kostu morala dakartenak; eta bestetik, biktima guztiak babesten dituelako, ez soilik kalte ordainak eman ditzaketen enpresa handietakoak, baita nori erreklamatu ez dutenak ere, lan egin zuten enpresa haiek gaur egun itxita daudelako, adibidez.
Gutunean ere etxekoandreak aipatzen dituzte: «Nor bere etxean kutsatzen zirenak, amianto izpiz beteta zetorren senarraren laneko arropak garbitu edo astintzen zutenean; eta baita, fabriken alboan edo hurbil zeuden auzoetan amiantoa arnasteagatik gaixotu ziren pertsonak ere».
Bestalde, Eusko Legebiltzarra eta euskal gizartea zoriondu ditu ASVIAMIEk, «lortutako kontsentsuarengatik». Dena den eta amaitzeko, eskatzen dute, arazoa ez larritzeko, enpresetatik eta eraikinetatik amiantoa kentzeko lanei ekiteko, eta hori lehenbailehen gerta dadin, premiazkotzat jotzen dute proiektua batzordera eramatea.