Bista gozatu eta animoa pizteko baliagarri
Goiz hotza izan arren, azkeneko Ordiziako Azokako produktu izarra lorea izan da. Bestalde, geroz eta udaberriko jangai gehiago ikus eta eros daitezke postuz postu.
Apirila erdia, gau-goiz hotza izan arren, eguzkiak goxatu ditu bazterrak goiz erdirako eta debekuak debeku jendeak erantzun du. Salmentak ez dira bere gorenean inondik ere baina produktu jakinek eskaera polita dute.
Jangaietan esate baterako joan zen astean Caparrosotik ekartzen hasi ziren zainzuri freskoak. Silvia eta Asier ekoizle-saltzaileak otsailaren 10ean etorri ziren lehen aldiz. Garaiko produktu izarra izan dela esan daiteke; joan zen astean eta atzo ekarritako denak aire astean saldu zituzten. «Gaizki kalkulatu genuen eta gaur gehixeago ekarri dugu», zioen Silviak. Bezeroek errepikatu izana da seinalerik hoberena.
Udaberriko zizak ere erakarmena sortzen du, ugaritu denez nabarmen merkatu da 60-80 euroan kiloa atzo (orain arte 120) Lasaren postuan.
Loreak dotore
Bista gozagarri eta animoa pizteko baliagarri, «bizipoza ematen dute loreek», aipatzen zen bezeroen artean: «Goizean balkoira atera eta denei ondo begiratu, ze berri? Banan-banan ikustea eguneroko oparitxoa dut nik». Ez da gaurko kontua loreekiko zaintza eta ardura, Iñaki Azanzaren esanetan: «Gure aurrekoek loreen zaintzaren berri ondo zekiten, lurra ondo prestatzea dela gakoa garbi zuten, turbari simaur lehorra eta erreka area nahastuz , eta noiz-nola moztu zainduz. Urte batetik bestera iraun arazteko ardura hartzen zuten. Orain errazago erosten dugu holako lanik hartu gabe…».
Moda kontuak loreetara ere iristen dira. «Fucsia edo erreginen belarritakoa esaten diogun hau lehen baserri eta etxe atari askotan ikusten zen, oso ohikoa zen –betiko lorea– eta gero puri-purian egoteari utzi zion», zioen M. Dolores Mendizabalek. Surfiniaz berriz, «ez du denboraldi guztia irauten eta dragoi-begonia ari da horren tokia hartzen». Diplademia berriz, «azken 8-10 urtetatik hona geroz eta gehiago saltzen da», esan zuen Azanzak. Kontuak kontu eskaintza bete betean dela, 25 motatik gora, kolore eta 1-40 euro artekoak, aukeran.
Bestelako arreta puntuak
Telebistak ere erakartzen ditu Ordiziako azokak, atzo Aquí la tierra-koak eta Sukalerrikoak hor ziren. Azokako produktu eta orgatxoen zozketak ere astero egiten dira eta atzo ordiziar hauek izan ziren zortekoak: Lurdes Aizpurua, Esti Garcia, Ana Mintegi, Uxue Etxabe, Carmen Borrego, Francis de la Calle.