Inaxio Usarralde omenduko dute gai jartzaileek eta bertsolariek bihar
30 urtean gai jartzen ibili eta gero, 2019an utzi zuen langintza. Areriako omenaldian Gipuzkoako taldeko 20 gai jartzailek eta 12 bertsolarik parte hartuko dute.
Artean galtza motzean ia-ia, eta taldean hitz egiteko ere «lotsatuta», 1989an hasi zen Inaxio Usarralde Arantzadi (Aginaga, Usurbil, 1967) gai jartze taldean. Ia bizialdi beteko langintzaren ondoren, 2019ko abenduan utzi zion. Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoa, azken plaza. Isil eta lotsati hasi zena, jendaurrean komunikatzaile, hamaika ekitalditako aurkezle eta bertsolaritzako gidari erreferenteetako bat izanez erretiratu zen. Kideek omenaldia egingo diote bihar, Lazkaoko Arerian, Inaxiori ikasiak–hala izendatu dute saioa–eskertzeko.
Gipuzkoako Gai-jartzaile Taldeak eta Gerriko kultur elkarteak –hango kide ere bada–antolatu diote omenaldia. 20 gai jartzailek eta 12 bertsolarik parte hartuko dute. «30 urtez ibili da Inaxio gaiak jartzen, eta belaunaldien arteko transmisioan ere giltzarri izan da. Egindako lanaren aitortza egin nahi diogu», aurreratu du gai jartzaile taldeko Itziar Etxezarreta ezkiotarrak.
Saioa bihar 19:00etan hasikoda. Sarrera (10 euro) Gerriko dendan edo labur.eus/inaxio webgunean har daiteke.
Herriko girotik uhindua
Usurbilgo Paotxa irratian Bota punttuba irratsaioa egiterakoan sartu zen Usarralde bertsolaritzan. Izen bereko saioa gidatu zuen 1989tik Egin Irratian, eta Usurbilgo bertso eskola ere gorpuztu zuten. Harekin batera, Santixabel jaietako bertso saioa aurkezten hasi zen. «Dena bate-ratsu etorri zen. 1989ko Txapelketarako hasi nintzen elkartean ere, Jon Lopategik irabazi zuena. Gai jartzaile taldera txapelketa haren prestaketan inguratu nintzen: isil-isilik, galtza motzetan, lotsaz…», dio Usarraldek.
Bertsozale Elkartea hazten ari zen, «eta denaren beharra zegoen». 30 urteko bidean, egitura indartzen ikusi –eta lagundu– du; «txakalaldiak» ere bai tartean, «baina eutsi egin behar zitzaiola, eta aurrera».
«Herrialdeka zabaltzen eta indartzen hasi zenean, jada beste lasaitasun batekin ibili gara. Bi urteroko zikloan, Txapelketa Nagusia eta Gipuzkoakoa txandatuz ibili izan naiz. Lana bai, baina gustuko lekua ere izan dut. Hainbeste denbora pasatutako lekuak eman ere egiten dizu: lagunartea, giroa…».
Gai jartzailearen figurak ere «prestigioa» hartu du denbora horretan. «Garai hori ezagutzea tokatu zait, eta mimatuta sentitu ere bai». Omenaldiarekin «deskokatuta» dagoela aitortu arren, «berezia» egingo zaio. Gaia jartzetik, gaia izatera igarota.
OMENALDIA
· Zer. ‘Inaxiori ikasiak’ bertso saioa, Inaxio Usarralderi omenaldia.
· Noiz. Bihar, 19:00etan.
· Non. Lazkaoko Areria aretoan.
· Sarrerak. 10 euro. Gerriko liburu dendan edo labur.eus/inaxio webgunean.PARTAIDEAK
· Gai jartzaileak. Artola, Zaldua, Madariaga, Azkune, Garmendia, Iriarte, Oiarbide, Iriondo, Belaustegi, Alkorta, Labaka, Etxezarreta, Ezenarro, Narbaiza, Areizaga, Agirreazaldegi, Tola, Jauregi eta Usarralde.
· Bertsolariak. Ainhoa Agirreazaldegi, Maddi Aiestaran, Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Iñaki Murua, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Imanol Lazkano.