‘Musika elkarrekin’ dinamika jarriko du abian Tobera musika eskolak
Herritarrek elkarrekin musikaz gozatzeko proposamena da .Datorren astean izango dira aurreneko entseguak. Ibai Arrizabalaga zegamarrak dinamizatuko ditu saioak.
Zegamako, Segurako, Mutiloako eta Zeraingo Tobera Musika eta Dantza Eskolak Musika elkarrekin dinamika jarriko du abian datorren astean. Parte hartzaileen musikazaletasuna indartzea du helburu egitasmoak: lagunartean eta presiorik gabe elkartu eta musika jo eta abestuz gozatzeko proposamena da, elkarrengandik ikasiz eta norberaren eta besteen erritmoak zainduz. «Ez dauka bestelako premisarik», azaldu dute musika eskolatik. Dinamika irekia izango da eta, hortaz, edonork izango du aukera noiznahi taldean sartzeko. Doakoa izango da partaideentzat, eta musika eskolaren 34 urteko ibilbidean ikasle izan direnek zein ikasle ez direnek har dezakete parte.
Bi talde osatuko dituzte, eta astean 30 minutuko entseguak izango ditu talde bakoitzak. Musika instrumentu ezberdinak nahastuko dituzte talde bakoitzean. Dagoeneko 15 lagunek eman dute izena, eta datorren astelehenetik aurrera, apirilak 19, entseatzen hasiko dira. Izena eman nahi duenak musikaelkarrekin@tobera.org helbidera idatzi behar du. Musika eskolaren «zurruntasunetik» kanpoko egitasmoa izango dela azaldu dute eskolako kideek: «Jarduerak duen filosofiaren adierazgarri, koherentziaz, ikasle ohi bat kontratatu du Toberak saioak dinamizatzeko». 26 urteko Iker Arrizabalaga zegamarrak gidatuko ditu entseguak. Gitarra ikasi zuen Toberan, eta gaur egun Belack, Fand&go eta Karea musika taldeetan jotzen du.
Ekainera arte iraungo du ekimenak, eta orduan erabakiko dute datorren ikasturtean dinamikarekin jarraitu ala ez. Hamabostaldirik ez Tobera musika eskolak aurten ez du izango aukerarik
Musikaren Hamabostaldia ospatzeko. Halere, entzunaldi birtualak prestatu dituzte sare sozialetan eta webgunean zabaltzeko. Datorren astean hasi eta maiatzera bitartean, kalean grabatutako 25 bideo argitaratuko dituzte, bakarka edo talde txikietan. «Entzunaldiak instrumentu bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren eta ikasleek eskoletan zer errepertorio lantzen duten erakusteko modu bat dira».