Trebetasun sozioemozionalak lantzeko saioak egingo dituzte
Bakardadearen, antsietatearen edo depresioaren garapena prebenitzea da helburua. Astean behin elkartuko dira, ekainera arte. Saioak adituek gidatuko dituzte.
Beasaindar talde bat esku-hartze soziemozionaleko programan parte hartzen ari da, Beasaingo Udalak, Cita Alzheimer Fundazioak eta EHUko Psikologia Fakultateko Qualiker Taldeak gidatuta. «Beasainen gauzatzen ari den esku-hartze eredua adimen emozionalaren eraikuntzan oinarritzen da, begirada sistemiko batekin. Hau da, laguntza-taldeen bidez. Harreman eta emozio izaerako ezagutzak eta trebetasunak garatuz, ongizate pertsonala eta soziala sustatu eta bizi kalitatea hobetu nahi dira», azaldu dute udaleko iturriek. Astean behin elkartuko dira, ordu eta erdiko saioetan eta hamarreko taldeetan, ekainaren 16ra arte.
Ongizate emozionala bermatu nahi dute, funtsean. Taldean elkartuta, osasun-psikologoen gidaritzapean, elkarren artean bakardadeari eta depresiori aurre egin nahi diote, baita ere dementziaren aurkako defentsak indartu. «Prebentzioa sustatzeak etorkizuneko gaixotasunen ondorio posibleen alderdi anitzak murrizten ditu», diotenez. Emozioei eman nahi diete garrantzia, orain arteko proiektuak garapen fisikora eta kognitibora mugatu direlako, nagusiki.
Beasainen adinekoen ongizatea bermatzeko beste hainbat proiektu ere badaude. Esaterako, Goiz Alzheimer, Goiz Zaindu, Goi Osasunlab eta Ondo ibili, ondo izan. «Adineko biztanleen bizi-kalitatea eta ongizatea zaintzea, prebenitzea eta hobetzea Udal gobernuaren funtsezko ardatzetako bat da». Martxan daude, segurtasun neurriekin.
Eustaten datuen arabera, bost beasaindarretik batek 65 urte edo gehiago ditu. Azken hamar urteetan ia bost puntutan hazi da ehunekoa; bizi itxaropena ere geroz eta handiagoa da: Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren kasuan, 86 urtetik gorakoa da, beste inoiz baina handiagoa. Tartean, sei beasaindarrek dituzte ehun urte baino gehiago.