Tasatutako 5 etxebizitza salduko ditu udalak Ihurreko eskoletan
Olaberriko Udalak sustatuta Ihurreko eskola zaharretan eraiki diren etxebizitzak prest daude. Bederatzi bizitza atondu dituzte, eraikinaren hegal bakoitzean hiruna. Lau salduta daude, eta gainerako bostak zozketa bidez salduko ditu udalak, tasatutako prezioan.
Eskabidea egiteko epea ere ireki zuen udalak, martxoaren 24an. Urtarrilaren 28ko osoko bilkuran onartu zituzten zozketarako oinarriak eta baldintzak.
Etxebizitzak bi solairukoak dira, 84 metro koadro erabilgarrikoak. Bere trastelekuarekin (6 metro koadro inguru) eta garajearekin (19) salduko dira. Orain saltzera atera direnak 1, 4, 6, 7 eta 8 zenbakidun etxebizitzak dira.
Batetik bestera prezioa zerbait aldatzen da, baina 148.813 eta 149.689 euro artean tasatu dira. Erosketara aurkeztu ahal izateko, ezin da lehendik beste etxebizitzaren baten jabe izan. Urteko diru sarrera 15.000 eta 58.500 artekoa eduki behar da.