Toponimiak eta euskararen jatorria
Martin Mendizabal Muxika fraile frantziskotarra atzo hil zen, Arantzazuko santutegian, 88 urterekin. Zaldibiarra zen jaiotzez.
Sorian denboraldi bat egin ondoren, Beasainen hamahiru urtez bizi izan zen. Bertan, Gipuzkoako herrietako geografia eta toponimia ikasi eta aztertu zituen. Ondorioztatu zuen euskarazko lehen hitzak silaba bakarrekoak zirela: hamabi kontsonanteren eta bost bokalen arteko konbinazioak zirela zioen; kontsonante bakoitzak esanahi bat zuen, eta bokalek tokia edo mugak zehazten zituzten. «Euskararen sortzaileek asmatutako hiztegi monosilabikoa gure hitzen silabarioa da», defendatu zuen.
Beasain Arantzazura joateko utzi zuen. Ikerketa lanak sekula ez zituen alboratu eta 1990. hamarkadatik aurrera hainbat liburu argitaratu zituen, gehienak historiari eta parrokiei buruzkoak. Besteak beste, Loinazko San Martinen bizitzaren inguruko lana argitaratu zuen 1997. urtean.













