Udako begirale eta zaintzaile lanetarako eskaintzak Ataunen
Udan haurrentzat udalekua eta zaintza zerbitzua antolatuko ditu Ataungo Udalak. Langileak kontratatzeko deialdia zabaldu du aste honetan. Haur zaintza zerbitzurako hezitzaileak kontratatuko ditu. Udaletxean izena eman behar dute interesdunek, eta curriculuma nahiz tituluen ziurtagiriak aurkeztu. Euskarako C1 agiria edo baliokidea nahitaezkoa da, eta Haur Hezkuntzako titulua edo lan esperientzia izatea balioetsiko dute.
Udalekuetarako, berriz, begiraleak hartuko ditu. C1 agiria behar da hor ere, eta begirale titulua eta udalekuetan lehenago lan egin izana balioetsiko dute.
Udalekuetan begirale praktikak egiteko aukera ere eskainiko dute, boluntario, titulua ateratzen ari direnentzat. 3-12 urte arteko haurrekin ariko dira. Ataundarra, eta 2003, 2004 edo 2005ean jaioa izan behar da.
Hiru deialdietarako izen-emate epea apirilaren 19tik maiatzaren 7ra da, biak barne.













