Miarritzeko hilketa matxista salatu dute Lazkaon
Salakaterarekin batera, "autodefentsa feministarako deia" egiten dute Lazkaon, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak".
Ostegunean, 75 urteko emakume bat hil zuen tiroz 77 urteko gizonezko bikotekideak Miarritzen. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista izan da. Gaur eguerdian Lazkaoko plazan, elkarretaratzea egin dute Bihar erailketarik gerta ez dadin borrokan ari gaur lelopean.
Amaieran irakurri duten adierazpenaren esanetan, “indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria matxistak 1. mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara”.
Honela, “indarkeria matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da, hezkukntzan hasita beste edozein eremutan jarraituz”.
Era horretan, salakaterarekin batera, “autodefentsa feministarako deia” egiten dute, “gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte”.