18 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak Legazpin
Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen bart gauean Legazpin agintaritzaren agenteen aurkako erasoak egotzita eta Legazpiko Gaztetxeak publikoki salatu du jarrera hau. Urretxun 14 pertsonari jarri zizkieten isunak eta Lazkaon 17ri kalean alkoholdun edariak edategatik. Gazteen gurasoek elkarretaratzea deitu dute biharko.
Ertzaintzak, bart gauean bederatziak aldera, Legazpin hogeita hamar bat pertsona kalean edaten ikusi zituela adierazi du gaurko prentsa oharrean. Patruilak ikusi zituztenean gehienak sakabanatu egin ziren arren, lekuan identifikatua izan nahi ez zuen gazte bat geratu zen. Agenteek, haien aurka egindako erasoak egotzita, 18 urteko gaztea atxilotu zuten azkenean. Bestalde, Urretxun 14 pertsonari eta Lazkaon 17ri, isunak jarri zizkieten kalean alkoholdun edariak edategatik, 4 pertsona baino gehiago elkartzeagatik eta batzuei perimetroko itxiera urratzeagatik.
Legazpiko Gazte Asanbladaren komunikatua
Legazpiko gertaeraren harira, Legazpiko Gazte Asanbladak publikoki salatu nahi izan du Ertzaintzak gazte hauen aurka izandako jarrera. Sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten arabera, atzo gaueko 20:30ak aldera zenbait agente Agirre-Etxeberriko parkean zeuden gazteengana «jarrera erasokorrean mehatxatuz» hurbildu zirela adierazi dute, eta berehala beste lau patruila agertu zirela «inongo azalpenik eman gabe». Komunikatu honekin «Ertzaintzak orokorrean, eta bereziki gazteengan betetzen duen jardun errepresiboa» salatu nahi izan dute, eta bestetik atxilotutako gazteari «elkartasun osoa adierazi».
Prentsaurrekoa eta elkarretaratzea
Larunbateko gertakarietan egon ziren gazteen gurasoek prentsaurrekoa eta elkarretaratzea deitu dute bihar, astelehena, 20:00etan Agirre-Etxeberrin Ertzaintzaren jarrera salatzeko asmoz.