28. urtez, Lazkao Txiki gogoan
Ekitaldi xume baina jendetsua egin dute Lazkaon, Joxe Migel Iztueta "Lazkao Txiki" zena oroitzeko
28 urte igaro dira dagoeneko Joxe Migel Iztueta bertsolari ospetsua hil zenetik. Iazko hutsaren ondotik, urteroko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Lazkao Txiki zena gogora ekartzeko asmoz. Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera dela eta, aurreko urteetan baino era xume eta sinpleagoan egin duten arren, asko eta asko izan dira Lazkao Txiki zelaira inguratu diren herritarrak.
Aizpea Garmendia eta Joxepa Madariagak aurkeztu dute gaurkoan Lazkao Txiki musika eskolak, Oin Arin dantza taldeak, Gerriko Kultur Elkarteak eta Lazkaoko Udalak elkarlanean antolatutako ekitaldia. Musika Eskolako eta Oin Arin dantza taldeko kideak etenik gabe lanean aritu diren arren, pandemiak sortutako egoera dela eta ezin izan dituzte ikasitakoak behar bezala jendaurrean erakutsi, baina Madariagak azaldu duen moduan, gaurko ekitaldia arnasbidea izan da guztientzat: «Zuk ez zenuen pandemia hau ezagutu Joxe Migel, baina jakin ezazu kultur ekintza hau txertoa izango dela guretzat».
Musika eta dantza artean, Lazkao Txikiren pasadizoak eta bere pare bat bertso ere ekarri dituzte gogora aurkezleek, lazkaotarraren estiloa gogora ekarriz: «Halaxe aritzen zen, gertaera errealari helduta txistea aurkitu eta jendea barrez jarriz».