28 zabor poltsa bildu dituzte Legazpiarrek auzolanean
Auzolanean erreka inguruko zaborra garbitzeko elkartu dira gaur Legazpin. Honekin lotutako erakusketa bat ere jarri dute ikusgai
Legazpiko herritarrek erreka garbiketa egin dute auzolanean gaur goizean. Beste zenbait herrietan antzeko ekintzak antolatu izan dituzten arren, auzolanean erreka garbitzeko elkartu diren lehen aldia izan da gaurkoa Legazpin. Guztira 8 pertsona elkartu dira 10:30etan Laubiden, Maiatza tabernaren aurrean, eta hortik ekin diote gaurko garbiketari.
Guztira bi ordu baino gehiago igaro dituzte bazterrak garbitzen. Lehenik eta behin Urtatza errekako 50 metro inguru garbitu dituzte, eta ondoren Legazpiko industrialdean 70-100 metroko tartean ere aritu dira zaborra jasotzen. Orotara, zaborrez betetako 60 litroko 28 poltsa jaso dituztela adierazi du bertan lanean ibili den Alberto Bezunartea legazpiarrak: «Denetik jaso dugu: gurpilak, su-itzalgailu bat, zartagi bat, indargetzaileak, pilak, eta batez ere plastiko asko».
Gaurko auzolanarekin batera, gaurko arratsaldean zehar Hegialden ikusgai egon den erakusketa bat ere antolatu dute, iaz errekan ateratatako argazkiekin eta zenbait kartelekin osatutakoa.