Pinudiaren lekuan, bertako 3.300 zuhaitz
Juan Joxe Aranburu Aranburuk 2.800 pago eta 500 lizar landatu ditu Ezkio-Itsason duen baserriko lursailetan. Pinudia zen aurretik eremua, eta aldatzeko zuhaitz autoktonoen aldeko apustua egin du zumarragarrak.
Ezkio-Itsasoko lurretan 3.300 zuhaitz gehiago daude. Juan Joxe Aranburu Aranburu zumarragarrak 2.800 pago eta 500 lizar landatu ditu bi urtetan, Ezkion duen baserri inguruan. Aurretik pinuak zeuden eremuan, eta horiek bota ostean, arbol autoktonoen aldeko apustua egitea erabaki zuen. Landaretarako zaletasuna du eta osabak lagunduta egin du landaketa.
«Nik gozatu egiten dut, lana dauka baina landareen gaia asko gustatzen zait», agertu du Aranburuk. Bi negutan landatu dituzte zuhaitzak: aurtengoan gehienak eta iazkoan besteak. Zumarraga eta Ezkio arteko muga ikusten da baserritik, eta etxaldetik abiatuta bi minutura dagoen lursailean haziko dira arbola berriak. «Pinudia botatzeko adina iritsi zen eta orain berriro aldatu dugu bertakora».
Hiru aukera izaten dira zuhaitz zaharrak botatzean. Batetik, mendia bere erara uztea: «Etor dadila etorri beharra duenak, baina hori irregularra izaten da, itxurazko arbolarik ez eta sasiak». Bestetik, azkar etortzen den landareren bat landatzea, eukaliptua adibidez, eta azkenik, bertako arbol autoktono bat landatzea. Hori izan da Aranbururen aukera. Etekina lortzea ez da bere helburua: «Orain kasi aukera bakarra eukaliptua da, azkar etortzen dena, etekina aterako diozuna, baina horrek terrenoa kontsumitzen du, kaltetu egiten du, eta arriskutsua da oso erraz hartzen duelako su». Baserritik eukaliptorik ikusten ez den arren, Kizkitza ondoan eta Azpeitia aldean badaude eukaliptoz osatutako lur eremuak.
Lau metrora
Pagoak eta lizarrak landatu dituenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntza eskatu du zumarragarrak, eta hori dela eta, 4×4 metrora jarri dituzte zuhaitzak. Hau da, pago batetik bestera alde bakoitzean lau metroko distantziarekin: «Hori da aldundiak onartzen duen neurria». Hektarea bakoitzeko, 600 landare inguru landatu dituzte, bost hektareatan. Zuhaitz txikiak dira oraindik, eta zazpi urte inguru beharko dute bi metro eta erdi hartzeko.
Pagoak eta lizarrak, mota bakoitza bere aldetik landatu dituzte, eremu bakoitzaren ezaugarriei erreparatuta, orientazioa eta lurraren konposizioa aztertu baitituzte landaketaren kokapen zehatza erabakitzeko. Zuhaitzetako batzuei, gainera, hesi txiki bat jarri die orkatzek kaltetu ez ditzaten: «Udaberrian, adarrak erabiltzen dituzte azkura kentzeko, arbolen kontra igurtzen dira, eta azala kentzen die arbolei».
Landare autoktonoak diren arren, Belgikatik ekarri behar izan dituzte erdiak: «Hemen ez da asko egoten eta azkenean kanpotik ekarri ditugu; oso landare onak dira», azaldu du zumarragarrak. Landaketak egin izan ditu, baina horrelako landaketa handia egiten duen lehenengo aldia da. Batzuk beste batzuk baino haziagoak daude dagoeneko, metro inguruko altuerarekin. «Euri pixka bat egitea behar dute».
Urtean behin edo bitan lurra desbrozadorarekin txukunduko dute. «Segimendu bat dauka, ez da landatu eta hor amaitzen da, prozesu bat da». Horrek ere, urtean behin edo bitan egiteko lanak, subentzio bat izaten du aldundiaren aldetik, eskaeren arabera aldatzen doana: «Ez %100, baina erdia baino gehiago ordaintzen da».
Pinuaren gaitza
Inguruan Intsinis pinua da ohikoena inguruan. Halere, Aranburuk adierazi du «pinuaren zikloa amaitu» dela azken urteetan Lecanosticta acicola onddoak eragindako gaitzarengatik: «Ia %99 pinua da, etekina eman duelako, estimatua zen, erretsina dauka eta erabilera asko izan ditu, baina gaitza dela eta ez da gehiago landatzen». Pagoak eta lizarrak, aldiz, sano jarraitzen dute oraingoz.
Landareekiko zaletasunaz gain, egur lanak ere egiten ditu Aranburuk motozerra eta zizelarekin. Gaztainondoarekin egindako onddoak ditu belardian, eta hurrengo lanerako gereziondo enborra ere prest du etxalde kanpoaldean. Iaz eta aurten landatutako zuhaitzek enborra sendotu eta lursailean baso itxura hartzeko, dena den, berrogeita hamar urte inguru beharko dute oraindik.