Libre geratu da Ertzaintzak larunbatean Legazpin atxilotutako gaztea
Kale edanean ibiltzea leporatuta, ertzainek identifikatzeko eskatu zioten gazteari; uko egitean tira-bira hasi zen. Gurasoek salatu dute Ertzaintza «gezurretan» ari dela
18 urteko gazte batek larunbat gaua komisaldegian igaro zuen, agenteen aurkako atentatua leporatuta. 21:00ak aldera atxilotu zuten, Agirre Etxeberri parkean. Ertzaintzaren iturrien arabera, kale edanean zebiltzan 30 bat gazte ikusi zituzten; bertaratzean, gehienek alde egin zuten, baina atxilotuak han jarraitu zuen; agenteek identifikatzeko eskatu zioten, baina honek uko egin zion eta eztabaidan hasi ziren; ertzainei iseka egin zien eta atxilotu egin zuten.
Gaztearen gurasoek Ertzaintza «gezurretan» dabilela esan dute. «Uste sendoa dugu gure semea ez dela delitu horien erruduna. Ez bakarrik guraso gisa dakigulako ez lituzkeela egingo, baizik eta lekuko askoren lekukotasuna daukagulako». Atxiloketa modu «umiliagarrian eta neurrigabean» egin zutela gaineratu dute, eta gaua «baldintza penagarrietan» igaro zuela. «Inor atxilotzeko agindurik zegoen? Operazioaren ‘arduradunarekin’ izan genuen elkarrizketa kafkiarra izan zen, kontraesankorra eta zentzugabea». Parkean zeuden gainerako gazteen gurasoek ere ertzainen jarrera «beldurgarria eta lotsagarria» izan zela diote. «Ertzaintzak erakutsitako eta erabilitako jarrera bortitza eta neurrigabea ezin daiteke inola ere justifikatu». «Aurrera Legazpiko gazteak, ondoan izango gaituzue».
Legazpiko Gazte Asanbladak ere salatu du poliziek «jarrera erasokorra» izan zutela, eta atxiloketa «biolentzia osoz» egin zutela. «Gertakariek orain arteko biolentzia gainditu dute. Ohikoa duten prepotentziak indarkeria neurrigabe erabiltzera bideratzen ditu, aurrean duten edozein zapaltzeko legitimitatea dutelakoan». Haserrea adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo.
Komunikabideekin ere ez daude gustura. Gazteen gurasoek «gezurretan» aritzea leporatu diete, «komeni zaien bideo zatiak moztu eta nahi dutena bakarrik erakutsiz». «Amorrua eta inpotentzia sentitzen dugu. Inpunitatez jokatzen dute, eta injustizia horien aurrean ez gara isilik geldituko. Manipulaziorik ez», diote. Gazte asanbladak komunikabideei egotzi die gazteen aurkako biolentzia justifikatzeko klima sortzearen konplize izatea. «Utzi gazteok kriminalizatzeari eta gehiegikeria polizialak justifikatzeari. Konturatu estatu polizial batean bizi garela, ordena biolentziaren bidez inposatzeko beharra duena».
Legazpiko EH Bilduk ere Ertzaintzaren oldarraldia salatu du, «desproportzionatua eta justifikaziorik gabekoa» dela iritzita. Udalak ez du gertatutakoaren inguruko adierazpen publikorik egin.
Legazpiko Udalak ostiralean, gertakariak jazo aurretik, herritarrei «zinez» gomendatu zien lagun arteko eta familiako topaketarik ez egitea. «Helburua ez da taldeka bildu daitezkeen pertsonen kopuruaren muga errespetatzea. Kontua da automuga arduratsuaren printzipioa aplikatzea eta, egoera epidemiologikoa arrisku handikoa den bitartean, topaketa horiek atzeratzea edo ez egitea». Osasun Sailak ez du behaketarik egingo, eta neurriak zorrotz betetzeko eskatu zuten.
Urretxun eta Lazkaon ere jarri dituzte isunak
Ertzaintzak beste 31 pertsona zigortu zituen larunbat ilun-tzean kalean edateagatik, laulagun baino gehiago elkartzea-gatik eta kasu batzuetan itxie-ra perimetrala urratzeagatik.Urretxun hamalau pertsonekjaso zuten isuna, eta Lazkaonhamazazpik.