Maiatzaren 1ean Poligrafo Fest jaialdia egingo dute Urretxun
Kontzertuak Labeaga aretoan izango dira, eguerdian eta arratsaldean. John Dealer & The Coconuts, Soma Cult, Northagirres eta Joseba B. Lenoir Gang taldeek joko dute
Maiatzaren 1ean VI. Poligrafo Fest musika jaialdiaren seigarren edizioa egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan. John Dealer&The Coconuts legazpiarrek, Urretxuko eta Zumarragako Northagirres-ek, Soma Cult beasaindarrek eta Joseba B. Lenoir gang-ek joko dute.
Aurtengo maiatzaren 1a Langileen Nazioarteko Eguna ez ezik, musikaren eguna ere izango da Urretxun. Badugu bai, zuzeneko emanaldien beharra… Jaialdia egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiekin egingo da: hidrogela, distantziak, maskarak, edukiera… Aretoan ezingo da erre, ezta edari edo janaririk sartu.
Ordutegia
Eguerdian talde batek joko du eta arratsaldean beste hiruek. Sarrerak egun osorako balioko du. 13:00etan John Dealer & The Coconuts taldeak joko du, 16:30ean Soma Cult-ek, 18:00etan Nor-thagirres-ek eta 19:30ean Joseba B. Lenoir Gang-ek. Sarrerak entradium.com webgunean erosi behar dira. Jaialdi hau Urretxuko eta Zumarragako udaletako Kultura sailek, Motz taberna, Bizar & Bomber ekoiztetxeak eta Zarraparra kolektiboak antolatu dute.
John Dealer & The Coconuts talde legazpiarra 2015. urtean sortu zen. Dagoeneko hiru disko argitaratu dituzte: John Dealer & The Coconuts (2016), We will get together in hell (2018) eta Red Light Stories (2020). Azken hori Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaez-en ekoizpenarekin.
Taldeak rock and rolla eta punk rocka egiten ditu. Gehienbat ingelesez abesten dute, baina azkenengo diskoan euskarazko kanta batzuk ere eskaintzen dituzte.
Beasaingo Soma Cult taldeari dagokionez, grunge eta psikodelia estiloak lantzen ditu. Urtarrilean Destroy! diskoa argitaratu dute. Bilboko Silver Recordings estudioan grabatu dute. Ekoizpenaz Capsula taldeko Martin Guevara arduratu da.
Northagirres taldea 2014. urtean sortu zen. Rock and roll klasikoa ingelesez abesten hasi ziren arren, pixkanaka gaztelerara pasatu dira. Kontzertuetan bi hizkuntzetan abesten dute.
Azkeneko diskoa, Cavaré izenekoa, Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten, Martxel Arkarazoren laguntzarekin. Diskoa iazko martxoan argitaratu zuten, Folc Records zigiluarekin. Berehala alarma egoera ezarri zenez, oraindik ezin izan dute herrian aurkeztu. Maiatzaren 1ean aurkeztuko dute.
Joseba Baleztena gitarra-jotzaile beratarrak talde askorekin jo du: Sexty Sexers, Izaki Gardenak, Señor No, Rafael Berrio, Mice… Bakarlari bezala, Joseba B. Lenoir izenarekin aritzen da. Bere kantak Joseba B. Lenoir Gang taldearekin jotzen ditu.