Santikutzekoa garaile
Euskadiko Gazte Xake Txapelketan lortutako garaipenari esker Espainia mailara egingo du jauzi Markel Vesga legazpiarrak. Uztailean Andaluzian, Granadan, jokatuko da Espainiako txapela
Legazpin aurkitzen da Euskadiko xake txapeldun berria. Santikutz Xake Elkarteko partaidea den Markel Vesga, Euskadiko txapeldun izendatu zuten apirilaren 9, 10 eta 11 bitartean Getxon jokatutako gazte txapelketan lortutako garaipenari esker.
Hasiera batean, gazte legazpiarrak Gasteizen jokatu behar zen Euskadiko kadete txapelketan parte hartzea aurreikusita zegoen arren, Arabako hiriburuan ezarritako itxiera perimetralaren ondorioz bertan behera geratu zen lehiaketa.
Alabaina, aurretik Gipuzkoako gazte txapelketan lortutako emaitzari esker, leku bat eskuratu zuen Getxoko txapelketan parte hartzeko, dagokion maila baino kategoria altuagoan.
Hiru eguneko iraupena izan zuen txapelketa honetan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 14 jokalari aritu ziren norgehiagokan.
Garaikurra Legazpira
Santikutz Xake Elkarteko kideek azaldu dutenaren arabera, Vesgak rankingeko laugarren postutik abiatzeko aukera izan zuen: «Une horretan Elo sailkapenaren barruan aurkitzen zen Markel. Honek jokalariak txapelketa guztietan lortutako emaitzak eta bere aurkarien mailak hartzen ditu kontuan».
Bost aurkariren kontra lehiatu zen legazpiarra Getxon. Jokatutako bost partida horietatik bi berdinketa eta hiru garaipen lortu zituen Vesgak, garaipen horietatik bi garrantzi handikoak.
Hugo Peregrinek, Arabako gazte txapeldunak eta rankingean lehenengo postuan aurkitzen zen jokalariak, legazpiarraren modura lau punturekin amaitu zuen txapelketa, baina Elo sailkapenak abantaila eman zion Vesgari eta Legazpira joan zen jokalari gaztearen garaikurra.
Garaipena poztasun handiz jaso dute Santikutz Xake Elkarteko kideek eta Vesgaren familia zein lagunek. Lortutako garaipenari esker, uztailean Granadan jokatuko den Espainiako Xake Txapelketarako txartela lortu du Vesgak.