Taldetasun maisuari gorazarre
Osotasun baten parte bezala, Inaxio Usarraldek kulturgintzako eta herrigintzako kolektiboari itzuli dio gai jartzaileek, bertsolariek eta Gerriko elkarteak Lazkaon egin dioten omenaldia.
Bertsolaritzako talde handi batek omendu zuen Inaxio Usarralde Arantzadi ostiral iluntzean, Lazkaoko Arerian. Gai jartzaile mordoa, bertsolari sorta bikaina, eta entzule saldoa nola aretoan, hala Internetetik zuzenean elkartu ziren gai jartzailetzan 30 urtean jardun den Usarralde herrikoiari aitortza egiteko.
Bi orduko saioa eskaini zioten Usurbilgo Aginaga auzoko Galardin jaiotako aurkezleari. Gerriko elkarteko Joxepa Madariaga lagunak aurkeztu eta gidatu zuen, eta bertsolariak lanean jartzeko gai jartzaileak deitu zituen, txandaka. Google-ko bilatzailea eta algoritmoak ardatz hartuta, Usarralderen bizitzako erritmoak aurkeztu zituzten, bai gaietan, bai bertso erantzunetan.
Erritmo ugari izan baititu Usarralderen bizitzaren partiturak. Jendaurreko lehenengo aurkezpena zirku italiar batean egin zuenekoa oroitu zuten, Usurbilen, euskal hiztuna behar eta. AEKn irakasle, sorterriko euskalgintzan eta herrigintzan, Egin Irratian esatari, Bertsozale Elkarteko gai emaile… Konpas alaiak, parranda, laguntasun eta umore ukituan ia gehienetan. Zaintza lanak eta Arantxa Arantzadi amaren heriotza hurbila, Egin-en itxiera edo elkartearen bilakaerarako barne-kezkak eta lanak serioago landu zituzten.
Jasotakoa emateko keinua
Bertsolarien artean zen Imanol Lazkano, eta konfinamenduan Covidari jarritako bertso-sorta kantatu zuen 85 urteko azpeitiarrak, baita unean etorritako bi ere. Laxaro Azkune gai jartzailea ere han zen; Usarralde omendua, eta Tere Garmendia emaztea eta Maddi eta Manex seme-alabak taulan tartean eseri ziren.
Gai Jartzaile Taldeak eta Goierriko Bertso Eskolak koadroa eta oroigarri bat oparitu zizkioten. Hitzartzean, eskerrak eman eta zoriontsu «kolektibotasunak» egiten duela esan zuen.
«Bihurrikeria txiki bat» eginez, ondora aurrerarazi zituen Tere emaztea, Azkune «erreferente izugarria», Joxepa Madariaga Gerrikon «amets utopikoak egia bihurtzen» aritua, Asier Iriondo gai jartzaile, Emun-eko lankide eta «inurri lanean nekaezina», eta Egaña eta Maddi Aiestaran bertsolariak, lehenaren eta geroaren ikur eta oholtzako ardatz.
Obuntu hitz afrikarrarekin agurtu zen omendua, «ni naiz denok garen neurrian» esanez.