Argi-printzak musika nota eran
Lazkaoko musikari ikasleek emanalditxoak egingo dituzte, urtebetean lehenengo aldiz, talde txikietan eta etxekoen aurrean jotzeko. Motibazioa eta bizipoza indartzeko dira
Klase ireki bat bezalakoa dela esan du irakasleak. Prest dagoela iruditzen zaionean has daitekeela, eta etxean balego bezala jotzeko. Zeharkako txirulako ikasleak zalantza handirik egin gabe ekin dio ikasturtean zehar ikasitakoa jotzeari. Baina, lehenengo aldiz, entzuleak ditu aurrean.
Ezohiko egoera hori, pixkanaka-pixkanaka, ari da itzultzen. Ez nahi eta behar bezain azkar eta sendo. Baina pandemiaren hodeiaren artetik argi-printza batzuk hasi dira ernetzen. Lazkao Txiki Musika Eskolak emanaldi batzuk antolatu ditu, ikasleek beren etxekoen aurrean jo dezaten. Atzo izan zen lehenengoa, Lazkaoko kultur etxean, txirulakoena.
«Aurtengo lehenengo kontzertua da, bai. Orain arte ezin izan dugu batere egin», dio musika eskolako zuzendari Eneritz Jauregik, etsi puntua ezkutatu ezinik. Bost txirularik jo zuten, eta entzuten tarte handiekin bereiztuta eta maskarak jantzita zortzi-hamar bat guraso. «Gehiago ziren etortzekoak, baina azken unean konfinatu behar izan dute, eta egoerara moldatu behar izan dugu hau ere». Gutxiena egiteko ere, nahiko lan.
Ilusioa pizteko modua
Esan errazago egiten da: 14 hilabete daramate musikariek emanaldirik egin ezinik. Neurri murriztuan eta etxekoentzat bada ere, atzoko txirulakoaren ondotik, bihar tronpetakok dute, eta biolinekoek hurrena. Birusaren baimenarekin, «eta emanaldiak beti oso itxita eta oso kontrolatuta». Maiatz-ekainean, diploma banaketa egin nahi dute: egun batean iazkoei jaso gabe geratu baitziren, bestean aurtengoei.
Ikasturtean zehar, musika joaldiak grabatu, eta Youtube bidez elkarbanatu dituzte, eskolakoen artean. Baina entzuleen aurrean zuzenean jotzea bezalakorik ez dago. Batzuek lehen aldia dute, gainera, jendaurrean. «Kurtsoa badoa, ikasleen motibaziorako egoerak ez du laguntzen, eta pixka bat animatzeko balioko dute emanaldi hauek».
Eta trumoi-laino beltzen gainetik eguzkia badela oroitzeko.