Katuen populazioa kontrolatzeko probak egin dituzte Beasainen
Errekarte inguruan egin dituzte. Kaleko katuak harrapatu, antzutu eta berriz ere askatu egin dituzte. Emaitzak positiboak badira, herriko beste guneetan ekingo diote
Beasaingo Udalak eta Lau Katu Beasain elkarteak kaleko katuen populazioa kontrolatzeko kanpaina abiatu dute Errekarte auzoan. Kontrolik gabeko kolonia bat atzeman zen bertan, eta hainbat arazo sortu zituzten inguruan, bereziki, garbitasunari dagozkionak: garaje baten sarreraren inguruan gorotzak pilatzen ziren, esaterako; halaber, bizilagunek emandako jan-hondarren bidez elikatzen zirenez, hondakinak auzoan zehar zabaltzen zituzten.
«Kolonien kontrolik gabeko ugalketa murriztea, auzoen arteko gatazkak murriztea eta animalien bizi-kalitatea hobetzea lortu nahi dugu», diote Lau Katu elkartetik. Emaitzak positiboak badira beste auzoetara zabalduko dute jarduna.
HEI teknika erabili dute. «Honek esan nahi du, behin kaleko katu kolonia bat detektatu eta aztertu ondoren, bere kide guztiak harrapatu, esterilizatu eta banan-banan euren koloniara itzultzen direla. Horrela, katuen koloniak kontrolatuta mantentzen dira, bat bateko hazkunderik gabe. Eta koloniak eta haien kokalekuak higiene eta osasun baldintza onetan mantentzen dira», azaldu dute.
Katuak antzutu egiten dira baina ez dira hiltzen. «Eraginkorra izateaz gain alternatiba etikoa eta jasangarria da. Animalien Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala betetzen du», diote.
Lau Katuren arabera, 200 eta 400 kale-katu bizi dira Beasainen, «erabat babesgabe». «Kale-katuak kalean bizimodura egokituta daude. Baina horrek ez du esan nahi kalea toki egokia eta segurua denik». Kale-katuen bizi itxaropena lau urtetakoa da, gutxi gorabehera; etxeko katuena lau aldiz luzeagoa da.
Elikatzaile-txartela
Gizakien hondakinetatik bizi dira, nagusiki. Zikinkeriarekin eta karraskariekin arazoak eragiteaz gain, katuentzat ez dira elikagai aproposenak. Lau Katu elkartetik katuentzako diseinatutako pentsu lehorra ematea gomendatzen dute.
Beasainen katuak elikatzea legezkoa da, betiere ez bazaizkie hondakin organikoak ematen. Halere, udalak arautu egin nahi du, elikagai egokiak era egokian ematen zaizkiela bermatzeko eta arazoak ekiditeko. Elikatzaile txartel egiaztatuak banatuko ditu eta jana uzteko tokiak prestatuko ditu. Bakartutako guneak izango dira, herritarren artean arazorik ez sortzeko, baina irisgarriak.