Uraren zikloa aztergai Legazpin
Gipuzkoako Urak herrian egin dituen jarduera esanguratsuenen balantzea argitaratu du Legazpiko Udalak. Erabiltzaile bakoitzak, batez beste, 153 metro kubiko ur erabili ditu 2020an
Udalak uraren ziklo integralaren 2020ko jarduera txostena argitaratu du Gipuzkoako Urak Legazpin egin dituen jarduera esanguratsuenen laburpenarekin. Egindako hobekuntza-lanak eta aurreikusitako jarduerak zein izango diren azaldu dute bertan, lan hauek suposatzen duten kostuekin batera.
Uraren ziklo integralak ziklo osoa hartzen du. Hasieran euri ura eta ibaietako ura jaso eta biltzen da, behar bezala tratatu eta etxeetara eramaten da kalitate baldintza egokietan; ondoren, ur zikinak araztu eta ibaira isurtzen dira ur garbia bihurtuta.
2020an 4.483 abonatu zeuden, 2019an baino 35 erabiltzaile gehiago. Erabiltzaile bakoitzak, batez beste, 153 metro kubiko ur erabili zuen iaz, 2019an berriz 183 metro kubiko ur kontsumitu zuen erabiltzaile bakoitzak.
Kontrolatu gabeko uraren bilakaera negatiboa izan dela azaldu dute txostenean. 2020an 33.243 metro kubotan ezarri zen helburua eta 38.859 metro kuborekin itxi da urtea; hortaz, ez da ezarritako helburua bete.
Beraz, azken 6 urteetan kontrolatu gabeko uraren bolumena murrizteko joera positiboa hautsi egin dela adierazi dute, eta horregatik, 2021era begira ezarritako helburua 33.257 metro kubokoa izango dela.
Hainbat izan dira 2020. urtean Legazpiko ur-hornidurako sarean eta saneamendu-sarean egin diren hobekuntza-lanak. Horien artean, aipagarrienetako batzuk dira San Ignazio auzoko kale nagusiko hornidura eta saneamendu-sareen berrikuntza edota Urtatza auzoko 47-52an, berritutako hornidura-sarea.
Aurreikusitako jarduerak
Egun aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa 189.884,23 eurokoa dela jakinarazi du Legazpiko Udalak. Inbertsio esanguratsuenetako bat izango da Laubide 4ko saneamendu-sarearen berrikuntza, 48.400 euroko kostuarekin.