Aldaketaren aurrean, norberaren zaintzatik hasi
Ordiziako Jabekuntza Eskolaren barruan, emakumeei zuzendutako 'Aldaketaren aurrean, orain zer?' tailerra hasiko dute gaur, Nerea Redondorekin. Norberaren zaintzarako tresnez baliatzea du helburu.
COVID-19ak sortu eta garatutako krisiak zuzenean eragin du eguneroko bizitzan, pentsamenduan, sentimenduetan eta egiteko eran. Horiei aurre egiteko tresna eta abilezien lanketa egingo dute Ordizian, Jabekuntza Eskolaren barruan, Nerea Redondoren laguntzarekin.
«COVID-19ak azken urte honetan ekarri dizkigun bizipenek, sentimenduek eta gertatu diren aldaketa guztiek, emakumeengan eragin zuzen-zuzena izan dute, batez ere, zaintzari lotutako erabakiak, emakumeengan erortzen direlako, oraindik», hasi da kontatzen Redondo, tailerra gidatzeko ardura izango duenak. Soziologoa, coaching-a eta komunikazioan aditua da, eta horrelako saioak gidatzen esperientzia luzea du gainera.
Gai horren bueltan ikasi eta erremintak lortzeko aukera eskainiko die emakumeei zuzenduta dagoen Aldaketaren aurrean, orain zer? deitu duen tailerrak. Hiru saio egingo dituzte; apirilaren 22an, 29an eta maiatzaren 6an. Bi orduko saioak izango dira. «Sentimendu, pentsamendu eta ekintzen inguruan mintzatzeko aukera izango dugu, eta horrez gain, saioetan ikasitakoa bakoitzak bere egunerokoan aplikatzeko aukera ematea du helburu, eta astetik astera praktikan jartzen saiatuko gara».
Gaur arratsaldean, 18:00etan hasita egingo dute lehen saioa: «Urte honetan egin dugun ibilbidearen hausnarketarekin hasiko gara».
Hurrengo saioetan, «sentimenduen identifikaziora joko dugu gehiago, sentimendu horiek gure pentsamenduetan duten eraginaren arteko harremana aztertu, baita pentsamenduek gure sentimenduetan nola eragin duten, eta horiek, ekintza batzuetara eramaten gaituzte, ekintzak ere aztertuko ditugu».
Ikastaroan «gure buruaren zaintza asko landuko dugu». Redondok dio, «gure esku dagoen zerbait» delako, «baina beti ere, oso kontutan hartu behar da, zer dagoen gure esku eta zer ez, eta horiek identifikatzen saiatuko gara».
Teoria, praktikara
Saioek «azalpen teorikoak izango dituzte, baina oso praktikoak» izango dira. Helburua da, parte hartzen duten emakumeek «egunerokoan oso erabilgarriak eta errazak diren tresnak eramatea saio bakoitzetik, eta batez ere, benetan emakume bakoitzaren zaintzan eragina izango dutenak».
Tailer hau, Tolosan eta Zaldibian egin dute, besteak beste, eta esperientzia «oso positiboa» izan dela nabarmendu du Redondok: «Bizitzen ari garen zurrunbilo honetan, bi orduz gelditu, beste emakume batzuekin elkartu eta bizipenak eta ideiak partekatzeko aukera ematen du, eta oso aberasgarria da hori».
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete oraindik
Tailerra, hiru saiotan banatuko da eta horietako lehena gaur egingo dute. Dena den, izen-emate epea zabalik dagoeta gaurkoan parte hartu ez, baina hurrengoetan egin nahi duenak, izena eman ahalko du hurrengo egunetan ere. Horretarako, deitu 688 822 329 zenbakira edo idatzi jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbidera.