Bisitak %25 igo dira Aste Santuan Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan
Jarduerek erantzun ona izan dute; bisitarien erdiek jardueraren batean ere parte hartu dute. Gehienak gipuzkoarrak izan dira eta bizkaitarren kopurua «nabarmen» hazi da
Aurtengo Aste Santuan bertako turismoa izan da nagusi mugikortasun neurriengatik, eta horrek eragin zuzena izan du inguruko museoetara joan den bisitarien kopuruarekin. Ezkioko Igartubeiti Baserri Museora Aste Santuan egindako bisitak %25 igo dira, data berdinean, 2019ko datuekin alderatuta. Beste lurralde batetik etorritakoen kopuruak ere gora egin du.
2021eko igoerak «lurraldean naturaz inguratutako landa-inguruneetara joateko joera orokorra dagoela erakusten» duela adierazi du museoak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. «Museoak Aste Santurako prestatu duen eskaintzak jendearen erantzun oso ona jaso du, Ezkioko museora joan direnen erdiek parte hartu dute antolatutako jardueretako batean».
Gipuzkoako publikoa izan da gehiengoa, eta Bizkaitik etorritako bisitariak nabarmen hazi dira. %55 izan dira gipuzkoarrak, %35 bizkaitarrak eta %10 arabarrak. Museoak adierazi duenez, familia askok gozatu dute museoan eskainitako ekintzekin: «Martintxoren pista-jokoarekin edo beren konturako bisitak egin dituzte, bisita gidatuetan plazak mugatuak izatearen ondorioz».
Asteburuko ekintzak
Aste Santua albo batera utzita, bi ekintza antolatu ditu Igartubeiti Baserri Museoak asteburu honetarako, 3 euroan biak, eta aurrez izena emanda. Larunbatean, apirilak 24, paper tailerrak izango dira 4 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat, 11:00etatik 13:00etara. Piezak sortuko dituzte parte hartzaileek paperarekin, Kontxi Simonen gidaritzapean.
Igandean, berriz, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak ipuin kontaketa antzeztua izango da 4 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta, 11:00etatik 12:00etara. Belaunaldiz belaunaldi kontatutako ipuinen mundu miresgarrian eta legenden lurraldean murgiltzeko aukera paregabea izango dute parte hartzaileek.