Festarik gabe bigarren urtez
Lazkaon bihar hasi behar zuketen jaiek, baina osasun egoerak eragotziko du aurten ere ospatzea. Festak bigarren aldiz galduko dituen Goierriko lehena da. Karrera egingo da
Zeinek asmatu behar zuen 2019ko maiatzaren lehen hartan San Prudentzio jaiak 2022ra arte berriz egingo ez zirenik. Bada, iaz bezala aurten ere ez da Lazkaon festa nagusirik izango. Festa Batzordean parte hartzen duten taldeek eta eragileek martxoaren bukaeran jakinarazi zuten bertan behera geratu zirela. Bihar zitekeen hasiera.
2020an, konfinamendu bete-betean ailegatu zen San Prudentzio garaia. Etxetik atera ezinik zeuden orduan lazkaotarrak, eta balkoietan egin zuten gustua. Txupinazoa izan zen egin zen bakarra; plaza eta udaletxeko balkoia hutsik zirela. Drindots taldeak grabatutako mezu bat aireratu zuten bozgorailutik.
Aurten, osasun egoerak oker jarraitzen du larriago, agian. Lazkaok 100.000 biztanleko eta 14 eguneko koronabirus positiboen intzidentzia-tasa 603,69 kasukoa zuen atzo. Eremu gorrian dago. Hori horrela, udalak kutsatzea eteteko neurrien kontzientziazio deia egin du.
Neurriak betetzeko deia
Hartu eta mantendu behar diren neurrien informazioa jarriko dute kalean, tabernetan eta saltokietan. Ostalarien artean, berriz, edalontzien azpikoak banatuko ditu, kanpoko mahaian eseri aurretik, herritarrek jakin dezaten desinfektatuta dagoela.
«Birusak azken urtean eta, bereziki, azken asteotan izan duen bilakaerak eta kutsatze kopuru altuek ezinezko egin dute jaiak ohiko eran ospatzea. Ez da, beraz, jai egunik egongo, ohiko egunak izango dira Lazkaon. Herritarrei, ohiko eran, erantzukizunez eta arduraz jokatzeko, eta neurriak betetzeko deia egiten diegu», esan du Kepa Zubiarrain alkateak, eta kalean jende multzorik ez sortzeko eskatu du.
Festetakoa zen ekitaldi bakarra antolatu da: 78. Lazkao Proba, afizionatuen txirrindulari lasterketa. Larunbatean 09:30ean hasiko da. 129 kilometroko etapan Larraitz bi aldiz, Urkillaga, Olaberria eta Lazkaomendi igoko dituzte. Helmugaratzea 12:43 aldera da, kalean.
Txosna Batzordeak oharra
Lazkaoko Txosna Batzordeak agiri bat iritsarazi zuen, atzo, jairik egingo ez denaren irakurketarekin. Iazko eta aurtengo egoerak ez direla berdinak diote; «aurten, osasun neurriak betez, ekintzak antolatzea posible da. Ikusi dugu azoka, kontzertu, erakusketa, hitzaldi eta bestelakoak egin litezkeela, arazorik gabe».
Arduraz jokatzea «kultura zaintzea» ere badela diote: «Herriko eragileei oztopoak jarri ordez, horien beharrei erantzutea. Jazarpen, borren eta gomazko piloten bidez arauak betearaztea ez da arduratsua, PNVk hainbatetan erakutsi duen bezala».
Festak ezeztatzearen «aurka ez» egon arren, kulturan «saiakera» gehiago eskatu diote udalari. Maiatzaren 29rako musika kontzertua antolatu duela iragarri dute, frontoian.