Herri itxierak ez du feria laguntzen
Ekoizleak beti bezala lanean ari badira ere, bezero kopurua eta salmentak ez dira behar luketen adinakoak Ordiziako Azokan. Azken boladan ezartzen diren neurrien kalteak nabarmenak dira.
Ordiziakoa ez da herri azoka soilik, eskualdekoa ez ezik Euskal Herriko herrialde guztietako jendea erakarri izan duena ere bada. Baita makina bat atzerritar ere. Norbanakoez gain D’Elikatuzekoek hartu eta bideratu izan dituzten taldeak horren lekuko. Erosketak egiteko edota azokak duen berezko ondarea ezagutzera bertaratu izan da jendea urtea joan, urtea etorri. Azken bolada honetan ezartzen ari diren neurriek hori eragozten dute eta kaltea nabarmena da. Horixe arrangura nabarmenena ekoizleen artean.
Salgaietan sartuz, udaberriko aza berriak (1,5 euroan burua) eta urteko porru berriak (2 euroan sorta) ekartzen hasi da Itsasoko M. Jesus Oria. Porrua gure baratzetan ondo txertatutako barazkia da eta ia urte osoan izan genezakeena. «Nik urtarrilean hasi eta abuztura arte astero-astero ziento dezente aldatzen ditut, bai bitarteko porrua eta baita urtekoa ere, beti izaten da porrua gure baratzean. Hasieran landarea erosi egiten dut eta gero etxeko hazitik etorritakoa aldatzen dut», zioen itsasoarrak. Orain sortu zaion zomorroa da kezka iturri; tipula, porru eta baratxuri zurtoin barnean sartzen da, handitzea galarazi eta barazkia itxuragabetu eta hondatuz.
Bestalde, Zaldibiako Axun Etxeberriak karakolak biltzeko lana hartu eta San Prudentzio (28an) gerturatzen ari deneko seinalea nabarmen utzi du kiloa 8 euroan salduz.
Mikologia atalean aspaldiko partez zizahoria salgai zen Lasaren postuan 28 euroan kiloa. Gainera, onddoa 18-30 euroan kiloa eta garaiko izarra den udaberriko ziza 40-70 euroan kiloa.
Geroz eta loretuagoa
Loreen atalean, berez handia den eskaintzari beste bat eransteko moduan gara, alegria lorea (Impatiens wallerana) baltsamina arrunta. Etxeko poza esaten diogu guk, betikoa, sinplea baina oso lore maitea da», zioen M. Dolores Mendizabalek. Mugak muga dirudienez loreen poza behintzat ez omen du jendeak galdu.
Joan zen asteaz geroztik arboladian postu berri bat aurki genezake, oliba, kontserba, Portugalgo kafea eta abar eskainiz, Jon Blanco ordiziarra. Aitonaren eta gurasoengandik datorkio feriekiko lotura eta orain herrian bertan kokatu du postua.