Kutxa Bira Goierrira helduko da asteburuan
Argentinako Viedma-Patagones eskualdetik abiatu eta Euskal Herri osoa zeharkatuko duen kutxak Idiazabal, Zerain, Urretxu, Zumarraga eta Legazpin egingo du geldialdia asteburu honetan
Iparra-Hegoa elkarteak antolatutako Bizi gira… kutxa bira! dinamikaren barruan, martxoaren 20an Argentinako Viedma-Patagones eskualdeko Euskal Etxetik abiatu zen aldarriz eta ametsez beteko zurezko kutxa.
Euskal diaspora eta Euskal Herria batzen dituen kutxa hau, Goierrira sartuko da asteburu honetan Idiazabaldik.
Kutxa ekitaldiz ekitaldi
Larunbatean, apirilaren 24an, Ibarratik helduko den kutxari ongietorria egingo diote Idiazabalgo frontoian, 12:30ean.
Axari dantza taldeak eta txistulariek ekitaldia girotuko dute, bertsolarien laguntzarekin.
Idiazabaldik pasatakoan, Zerainera eramango dute zurezko kutxa. Honi harrera egiteko asmoz, Zeraingo plazan agurra dantzatuko diote arratsaldeko 16:30ean.
Ondoren, kutxak barruan dakarren mezua irakurriko dute herritarrek, Amets Arzallusek idatzitako mezua, eta jarraian zeraindarrek euren mezua irakurriko dute. Amaitzeko, Kutxa Bira handiari keinu eginez, Herri Bira egingo dute kutxarekin Zeraindik pasieran ibiliz.
Larunbateko azken geldialdia Urretxu-Zumarragan izango da. 18:00etan ongietorria egingo diote Zeraindik heldutako kutxari KKinZona irratian, eta ondoren Zintzo Mintzoko lagunek irratsaioa eskainiko dute, herritarrek kanpoan graffiti pintaketa egiten duten bitartean.
19:00etan, ekitaldiarekin amaitzeko, Amets Arzallusen mezua irakurri eta kutxari agurra egingo diote hau Antzuolara eraman baino lehen.
Antzuolatik, Legazpira
Igandean, 16:00etan harrera egingo diote kutxari Legazpi eta Antzuola arteko Ardanbidetako mugarrian.
17:30ean, behin herrigunera hurbildutakoan, Agirre Etxeberriko berdegunean, Kutxa Bira ekitaldia egingo dute herriko musikariek girotuta, Amets Arzallusen eta Legazpin sortutako testuen irakurketarekin.