Liztor beltza harrapatzeko tranpak jarri dituzte Ordizian
Ordiziako Babes Zibileko kideak ari dira lan horretan, Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Herriko hamar puntu desberdinetan kokatu dituzte tranpak
Liztor beltzaren agerpena saihesteko kanpaina abiatu zuen duela aste batzuk Ordiziako Udalak, Ordiziako Babes Zibilarekin elkarlanean. Kanpainak hurrengo asteetan ere aurrera jarraituko du, baina orain arte egindako lanaren balorazioa egin dute eta emaitzarekin «gustura» daude. Hala nabarmendu du Iker Arizmendi Babes Zibileko kideak: «Garrantzitsua da halako kanpainak egitea; batez ere, bertako liztorra babesteko, eta datozen hilabeteetan agertu daitezkeen liztor beltzaren habiak gutxiago izateko».
Helburu horrekin, Ordiziako puntu desberdinetan tranpa berezi batzuk ipini dituzte, hamar guztira: Bustuntza-Bilordi ingurunean hiru, San Juan auzoan bat, Altamira-Majorin hiru, Skate parkean bat eta autobiarako irteerako gunean beste bat. Aipatutako puntu horietan, zuhaitzetan jarri dituzte tranpa berezi hauek, eta momentura arteko emaitza «ona» izan dela adierazi du Arizmendik: «Orain arte jarritako tranpetan 100 liztor beltzetik gora atzeman ditugu».
Prozedura
Prozeduraren inguruan ere eman dituzte xehetasunak: «Erakartze likidoari ura nahastu, eta edukiontzi berezi batzuetan jartzen da, eta horrela, zuhaitzetan kokatzen dira». Tranpak jarrita, hurrengo egunetan jarraipen estua egiten dute, «astean bi egunetan, gutxi gorabehera». Azaltzen diren liztor beltzak jasotzen dituzte.
Liztor beltza identifikatzeko «desberdintasun nagusia da liztor beltzak marra hori bakarra duela enborrean. Bertako liztorraren kasuan, nahiz eta liztorrak handiak izan, marra hori bat baino gehiago izaten dituzte».