Ordubetean 50 kilo zabor bildu dute lurretik Ataunen Otsotarrek
Kalean pilatzen den zaborra ikusita, Otsotarrak elkarteak garbiketa egin du herrian. Deigarriena jasotako «plastikozko zorro kopurua» egin zaie, gehienak erreka bazterrean.
Ataungo kaleetan zaborra ikustea «ohiko» bihurtu izana irentsi ezinda, Otsotarrak elkartekoek garbiketa egin dute. San Martin auzoko parkean eta errekan plastikoak, zorroak eta jendeak botatakoak jaso dituzte. Ordubetean 50 kilo zabor jaso dute boluntarioek eta laguntzera arrimatu diren herritarrek.
«Deigarriena plastikozko zorro kopurua izan da. Erreka bazterrean zeuden gehienak, eta hurrengo euritean itsasoan amaituko zuten», dio taldekoek.
Arazoa konpontzeko «sentsibilizazio lan handia» egin beharra dagoela uste dute: «Ez dugu gure seme-alabak kalean zaborra ikustera ohitzerik nahi». Erabilera bakarreko plastikoen prebentzioa ere behar dela diote; «hondakinak sortzea errazegia da gure gizartean».
Udalak ere onartezin jo du zabor sorkuntza eta lurrera botatze hori. San Gregorioko Elkarguneko atariaren adibidea jarri du, plastikoz eta zorroz betea.