Transexualen errealitatea ikustarazteko hiru saio izango ditu Beasaingo Transzikloak
Datorren astean hasiko dira ekintzak; hilabetean behin izango dira. Martxoaren 8aren harira antolatutako ekintzak gehitu behar zaizkie. Maiatzaren 17ari eta ekainaren 28ari begira daude
Transizkloa berreskuratu du Beasainek. Iaz, pandemiak hala eraginda, bertan behera gelditu zen; transexualen errealitatea ikusarazteak beharrezkoa izaten jarraitzen du, oraindik ere. «Pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea ezagutarazi eta sentsibilizazioan eta aitortzan aurrera pausoak ematen jarraitu behar dugu. Izan ere, errespetuzko harremanak sustatu behar ditugu eta edozein motatako genero diskriminazioak, alboratu», azaldu du Leire Artola alkateak. Dokumental, solasaldi eta bertso saio bana izango ditu aurtengo edizioak, datorren astetik ekainaren 27ra arte. Ekintza guztiak Igartzako jauregian izango dira, 19:00etan.
Mi pequeño gran samurai dokumentalarekin hasiko da zikloa. «Ekai Lersundi gaztearen bizitzaren eta borrokaren dokumentala da», zehaztu du Ekaitz Goikoetxea antolatzaileak. «Jarraian, ekitaldiari balio erantsia ematen dion solasaldia izango dugu, Elaxar Lersundirekin, Ekairen aitarekin». Goikoetxeak herritar guztiei egin die gonbita, horrelako ekitaldiak «bakarrak eta errepika ezinak» direlako.
Maiatzaren 28an Aingeru Mayorren Transitos liburuaren «aurkezpena, solasaldia, jolasaldia» egingo dute. 25 familien testigantzak jasotzen ditu lanak. «Arina da, baina sakona aldi berean», azpimarratu du Goikoetxeak. Gai horietako batzuk «bihotzetik bihotzera» jorratuko dituztela aurreratu du antolatzaileak.
Ekainaren 27an bertsotrans saioa egingo dute. Ohiko bertso-saio bat izango da, baina gai guztiak transexualitatearen bueltakoak izango dira. Goikoetxearen arabera, «zikloaren ikur berezia da»; eta bertsolarien artean «erreferente» bat: «Bertsolariak oso gustura etortzen dira, urtero-urtero. Oso gutxitan izaten dute aukera bertso saioa hasi eta buka halako gaien inguruan aritzeko eta beraien hausnarketak partekatzeko». Maddi Aiestaran beasaindarrarekin batera, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Alaia Martin eta Jon Martin bertsolariak arituko dira. Amaia Agirrek egingo ditu gai jartzaile lanak.
Iazko bertsolari berberak dira. «Aurtengo transzikloa, nolabait iaz hasi zen. Tamalez, bertan behera gelditu behar izan zuen. Baina gure lehentasun nagusia izan da iazkorako hitzartuta zeuden ekitaldiak bere horretan ekartzea».
Bi data berezi
Martxoan Ama-alu-lur antzerkia berreskuratu zuten. «Transzikloari orain emango diogu hasiera. Baina kontuan izan behar da Martxoaren 8ko egitarauaren barruan bi ekintza egin zirela», aipatu du Amets Arrospide berdintasun zinegotziak. Bi ekintzak «arrakasta handiz» egin zituztela azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean.
Arrospidek gaineratu du maiatzaren 17an Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta ekainaren 28an LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna. «Bi data hauetan herritarrei adi egoteko eskaera egiten diegu, udalak egingo dituen ekimenak kontuan izan ditzaten».
‘Beasain parekide’ hirugarren boletina, prest
Beasain parekide boletinaren hirugarren alea prest dago. LGTBI fobiaren inguruko monografiko bat da azken alea: «Bost helburu ditu: sistema heteropatriarkala zalantza jartzea; LGTBIQ+ pertsonen errealitateak eta lorpenak ikustaraztea; sexualitatearen inguruan ditugun jarreren eta aurreiritzien inguruko hausnarketa sustatzea; ezarritako edertasun ereduen inguruko eztabaida eragitea; eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzea herrian», azaldu du Lidia Hernandez Berdintasun teknikariak.
Hezkuntza komunitateari bideratuta badago ere, guztien onerako dela azpimarratu du teknikariak. «Ahalik eta azkarren» eskegiko dute udalaren webgunean, interesa duen orok kontsulta dezan. Aurreko bi aleak azaroaren25aren eta jolas parekideen ingurukoak dira.