Zumarragako modelo bat Cibeles pasarelan
Apirilaren 8tik 11ra Mercedes Benz Fashion Week Madrid pasarela egin dute, garai batean Pasarela Cibeles izenarekin ezagutzen zena. Bertan, Aritz Kortabarria zumarragar aktoreak eta modeloak parte hartu du.
Mercedes Benz Fashion Week Madrid Estatu espainiarreko moda pasarela garrantzitsuena da. Aurtengo edizioa apirilaren 8tik 11ra egin dute eta Aritz Kortabarria Rodriguez Zumarragako aktoreak eta modeloak parte hartu du.
Kortabarriak 24 urte ditu eta oso gaztetatik bere ametsa aktore izatea da. «Aktore izan nahi nuen eta Londresera joan nintzen probatzera. Ez nuen ezer egin eta ondoren Madrilera joan nintzen. Ordurako argiago nuen zer eta nola egin», azaldu du zumarragar gazteak.
Gazte ausarta da. 22 urte bakarrik zituen Londresera joan zenean eta 23 Madrilera abiatu zenean. «Madrilera iritsi nintzenean, modelo lana lortu nuen eta Raquel Perezen aktore eskolan hasi nintzen. Oraindik eskola horretara joaten naiz. Madrilen oso gustura nago, bai eskolan eta bai modelo lanean. Modelo agentzia batekin lan egiten dut», aipatu du.
Dagoeneko aktore bezala ere lana lortu du. La1 telebista kateko Servir y proteger telesailean agertzen da, noizean behin. «Paper txiki bat lortu dut. Nire pertsonaia kamareroa da eta esaldiren bat edo beste izaten du. Ezagutzera emateko balio izatea espero dut».
Modelo bezala, azkeneko lanak Reparto Studio eta Velasquez diseinatzaile gazteentzat egin ditu. Beraien diseinuak erakutsi ditu Mercedes Benz Fashion Week Madrid pasarelan. Desfile hauek ifema.es/mbfw-madrid webgunean ikus daitezke. Beste diseinatzaile batzuentzat eta aldizkarientzat ere lan egin du.
Zine munduaz gain, moda mundua ere gustuko du. «Ludovic, Celine eta Yves Saint Laurent gustatzen zaizkit gehien», azaldu du.
Gustura dago orain arte egindako bidearekin. «Madrilen martxa hartzen hasi nintzenean, koronabirusa heldu zen. Hasieran dena beltz ikusi nuen. Dena geldituko zela uste nuen, baina nire mundu honetan ez da hori gertatu. Hori dela eta, oso pozik nago. Izan ere, orain arte ez zait lanik falta izan. Hasieran, Madrilera joatea gogorra da. Zure ametsa besterik ez duzu eta asko dira aktore izan nahi dutenak. Baina pixkanaka aurrera egiten ari naiz. Ea zerbait lortzen dudan», esan du.
Madrileko bizimodua gustuko du. «Madrilen oso gustura nago. Nahi nuen guztia egiten dut. Beraz, ezin naiz kexatu. Madril bezalako hiriak oso aberasgarriak dira. Hiri handi batean jende ezberdin asko ezagutzen duzu eta horrek zure burua birsortzen eta aberasten laguntzen dizu», aipatu du.
Ametsetan jarriz gero, Gregg Araki, Sofia Coppola, Woody Allen eta Pedro Almodovar zuzendariekin lan egitea gustatuko litzaioke. «Lau horiek dira nire zuzendari gustukoenak. Nire pelikula gustukoenak Gregg Araki zuzendariarenak dira. Aktoreei dagokienez, Laura Dern eta Julianne Moore gustatzen zaizkit gehien».
Lana lortzeko orduan, bi agentzien laguntza du. «Modelo lanetarako agentzia batekin lan egiten dut eta aktore lanetarako beste batekin. Baina Instagram ere oso garrantzitsua da. Instagram-i esker ere lan bat baino gehiago lortu dut. Gaur egun Instagram lan iturri bat da. Nire curriculum-a hor dago. Oso garrantzitsua da Instagram ondo elikatzea: egindako lanak bertara igo, itxura zaindu…».
Jaioterria gogoan
Madrilen oso gustura dago, baina ahal duenean Zumarragara itzultzen da. «Herrira itzultzen naizenean, senitartekoekin eta lagunekin egotea, mendira joatea… gustatzen zait. Noizean behin nire sustraiekin konektatzeko beharra izaten dut. Senitartekoak eta lagunak oso pozik daude oraingoz ondo doakidalako. Nire amets guztiak lehenbailehen lortu nahi ditut, baina hori nire belaunaldikoen artean ohikoa da. Batzuetan ernegatu egiten naiz, baina dena ez dago norberaren esku. Ametsei ez zaie mugarik jarri behar, baina pazientzia eduki behar da eta gogor lan egin behar da. Nire ametsa pelikula independenteetan lan egitea da».