Sektore publikoan deitutako grebak «erantzun zabala» izan du
Enplegu publikoa sortu eta sendotzeko eskatu dute. Udal arloan, Goierrin, Beasaingo, Ordiziako, Zaldibiako, Itsasondoko eta Idiazabalgo Udalek egin dute bat grebarekin
ELAk, LABk, CCOOk, Steilasek, SATSEk eta ESKk deitutako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sektore publikoko grebak «erantzun zabala» izan du, sindikatuek adierazi dutenez. Enplegu publikoa sortu eta sendotzetzearen aldeko eta pribatizazioaren aurkako aldarria izan da, eta hiru hiriburuetako manifestazioetan 18.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute.
Udal eta Foru arloan, «jarraipena zabala» izan da. Goierrin, Beasaingo, Zaldibiako, Ordiziako, Idiazabalgo eta Itsasondoko udaletan egin zuten bozketa. Ordiziako emaitzekin pozik agertu dira sindikatuak. «Ordiziako Udaleko interinitate tasa %58 ingurukoa da; 68 langiletatik 44k baiezkoa eman dute, bik ezezkoa eta hiruk zurian utzi dute», azaldu du Maider Domingo ELAko zerbitzu publikoko arduradunak. Beasaingo Udaleko parte hartzea ere «oso positiboki» baloratu dute: 27 baiezko, 3 ezezko eta 3 zurian. Interinitate tasa Beasainen baxuagoa da, %30 inguru.
Hezkuntza publiko unibertsitarioan ere jarraipena zabala izan da. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, berriz, baxuagoa, %50 ingurukoa. Ordiziako Urdaneta eskolak, adibidez, ez du bat egin deialdiarekin, bai ordea, Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxeak. Beasaingo Txindoki Institutuan, zenbait irakaslek greba egin dute, eta ikasleek bi orduko etena egin dute. Segurako eta Urretxuko eskoletako sukaldariek ere bat egin dute grebarekin.
Osakidetzan, ezarritako zerbitzu minimoek «guztiz baldintzatu dute» grebaren jarraipena sindikatuek ohar bateratuan zabaldu dutenez: «Milaka langileei greba eskubidea ukatu zaie zerbitzu askotan ezarritako zerbitzu minimoak %100 izanik». Administrazio orokorrean eta justizia administratiboan jarraipena «azken grebetako altuena» izan da: «Oso zabal behin-behinekotasuna pairatzen dutenen artean», azaldu dute sindikatuek. Komunikabide publikoetan ere jarraipena handia izan da: Euskal Telebistan, Radio Euskadin, Euskadi Irratian, Gaztean eta Radio Vitorian gutxieneko zerbitzuak ezarritako albistegiak bakarrik emititu dituzte.
Behin behineko langileak
«Jarraipen oso orokortua» izan du grebak behin-behinekotasuna pairatzen duten langileen artean. «Sektore publikoak bizi duen salbuespenezko egoera honen aurrean, sektore publikoko langileek argi adierazi dute agintariek eta alderdi politikoek urgentziaz bere esku dagoen guztia egin behar dutela enplegu publikoa sortzeko, behin-behineko 60.000 langileek euren enplegua kontsolidatzeko eta sektore publikoan ematen den pribatizazio politikarekin amaitzeko». Sindikatuek oharrean gehitu dute, erantzuna ikusita, «helburua lortu arte borrokan jarraituko» dutela.