Kutxa Bira Goierrira iritsi da
Ibarratik heldu da Goierrira. Idiazabalen izan da lehenengo, ondoren Zerainen eta arratsaldean, Urretxu-Zumarragan. Bihar, Legazpira eramango dute, Antzuolatik.
Goierrira iritsi da Bizi gira…Kutxa bira!. Iparra-Hegoa elkarteak antolatutako Bizi gira… kutxa bira! dinamikaren barruan, martxoaren 20an Argentinako Viedma-Patagones eskualdeko Euskal Etxetik abiatu zen, eta gaur, Ibarratik heldu da Goierrira. Idiazabalen egin du Goierriko lehen geldialdia. Ongietorria egin diote bertako frontoian, eguerdi partean. Axari dantza taldeak eta txistulariek ekitaldia girotu dute, bertsolarien laguntzarekin.
Idiazabaldik, Zerainera eraman dute. 16:30ak inguruan iritsi da herriko plazara, eta han ere, ongi-etorri beroa egin diote. Harreran, agurra dantzatu diote herriko dantzari gazteek. Ondoren, kutxak barruan dakarren mezua irakurri dute herritarrek, Amets Arzallusek idatzitako mezua, eta jarraian zeraindarrek euren mezua irakurri dute. Amaitzeko, Kutxa Birari agur esan aurretik, Herri Bira egin dute kutxarekin Zeraingo kaleetan zehar.
Larunbateko azken geldialdia Urretxu-Zumarragan izan da. 18:00etan ongietorria egin diote KKinZona irratian, eta ondoren Zintzo Mintzoko lagunek irratsaioa eskaini dute. Bitartean, herritarrek, graffiti bat margotu dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Amets Arzallusen mezua irakurri eta kutxari agurra egin diote, hau Antzuolara bidean jarri baino lehen.
Bihar, Legazpira
Igandean, bere bidea egiten jarraituko du Kutxa Birak, eta Antzuolatik, Legazpira ekarriko dute. Ardanbidetako mugarrian egingo diote harrera, 16:00etan. Handik, herrigunera, eta bertan, Agirre Etxeberriko berdegunean, Kutxa Bira ekitaldia egingo dute herriko musikariek girotuta, Amets Arzallusen eta Legazpin sortutako testuen irakurketarekin. 17:30etik aurrera izango da hori.
Bukatzeko, hona hemen, Zerainen eta Urretxu-Zumarragan egin dituzten ekitaldien lagin bat.