Ostalaritza Aurrerak elkarretaratzea deitu du gaurko
Atzo, Donostian, Sos Ostalaritza elkarteko bost kide atxilotu zituen Ertzaintzak. Gertatutakoa salatzeko deitu dute elkarretaratzea Ordizian.
Sos Ostalaritzak, atzo, Donostian egindako mobilizazioen bueltan gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzea deitu du gaurko, Ostalaritza Aurrerak, Ordizian. Sos Ostalaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza aurrean elkarretaratzea egin zuen atzo. Protestetan parte hartu zuten hainbat kide, eraikinaren ate nagusian kateatu ziren. Ertzaintzak askatu eta bost lagun atxilo eraman zituen, “desordena publikoak” egotzita.
Atzokoaren harira, prentsaurrekoa egin du gaur Sos Ostalaritzak, salatzeko, atxilotuek “tratu iraingarria” jaso zutela Ertzaintzaren aldetik. Adierazi dutenez, “guztiz biluztera behartu zituzten, baita azpiko arropak kentzera ere”. Salaketa ipintzeko aukera aztertzen ari direla ere esan dute, “zentzugabekeria” bat delako gertatutakoa. Atxiloketak “onartezinak” direla uste dute.
Elkarretaratzea Ordizian
Ostalaritza Aurrerak, atzokoari erantzunez, elkarretaratzea deitu du gaurko. Ordiziako Plaza Nagusian izango da hitzordua, 20:30ean.